Zarautzera iristear da 21. Korrika

Zarauzko Hitza 2019ko api. 11a, 14:30

Aurrera jarraitzen du Zarauzko Korrika Kulturalak. Atzo poteo musikatua egin zuten Alde Zaharreko kaleetan, Arranoko gitarra-jotzaileen eskutik. Bihar igaroko da Zarauztik 21. Korrika.

Apirilaren 4an Garestik abiatu zen 21. Korrika, eta igandean, apirilak 14, amaituko da Gasteizen. Bihar, ostirala, Zarauztik pasatuko da. Motorrak berotzen hasteko, Korrika Kulturala antolatu dute Zarautzen ere. Apirilaren 4an eman zioten hasiera egitarauari; Bertso-Korrika tailer musikatua izan zen Urpekoak elkartean, Motxian Bertso Eskolaren eskutik.

Atzo, apirilak 10, poteo musikatua egin zuten Alde Zaharreko kaleetan, Arranoko gitarra-jotzaileek lagunduta. Bihar 13:00etan iritsiko da Zarautzera Korrika; 17:00etan zumba saioa izango da Lege Zaharren enparantzan, Libana Taboadaren gidaritzapean, eta 19:00etan, aldiz, kontzertuak hasiko dira Putzuzulo Gaztetxean. Hain zuzen, Optika eta Kokein taldeak taularatuko dira, eta sarrera doakoa izango da.