Udal eta Foru Hauteskundeak

Gloria Vazquez izango da PSE-EEren alkategaia

Onintza Lete Arrieta 2019ko api. 15a, 20:00
Ezkerretik hasita, Patxi Elola, Gloria Vazquez eta Edurne Domingorena gaur Torre Luzea parkean

Zarauzko sozialistek aho batez onartu dute Vazquezen hautagaitza, eta gaur aurkeztu du bere burua. Zerrendako bigarrena eta hirugarrena zein izango diren ere gaur jakinarazi dute. 

Gloria Vazquez izango da maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan PSE-EEren Zarauzko alkategaia. Aurreko hauteskundeetan ere bera izan zen zerrendaburua, eta gaur jakinarazi du Zarauzko sozialistek aho batez onartu dutela bere hautagaitza.

Gaur egun Patxi Elola eta biak dira PSE-EEko zinegotzi Zarauzko Udalean, eta hain zuzen, Elola joango da bigarren zerrendan. 1999 urtetik da zinegotzi herrian, eta egun Kooperazio zinegotzia da. 2015ean eta 2016an parlamentari izan zen Eusko Legebiltzarrean.

Udal hauteskundeetarako zerrendan bigarren joateaz gain, Espainiako Senaturako Gipuzkoako lehenengo hautagaiaren ordezkoa ere bera da. Dena den, bere tokia "herrian, Zarautzen" dagoela adierazi du Elolak. "Egokien hemen ikusten dut neure burua, Zarautz da nire bokazioa".

Gloria Vazquez ere ordezko gisa agertuko da Espainiako Kongresurako zerrendetan.

Kazetari bat hirugarren

PSE-EEren zerrendan hirugarren tokian joango da Edurne Domingorena. Zarauztarra da, eta ofizioz kazetaria. Gaur egun Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuaren prentsa gabineteko kidea da, eta aurrez Iñaki Arriola Etxebizitza eta Garraio sailburuaren prentsa arduraduna izana da.

Vazquezek azaldu du Domingorenaren kezketako batzuk direla ingurumena eta berdintasuna, eta azpimarratu du sozialisten "lehentasunak" beti izan direla "herritarrak eta horien bizi kalitatea hobetzea".

Vazquezek eta Elolak esan dute "lan asko" ari direla egiten zarauztarrentzat proposamen on bat garatzeko, eta beraien zerrendako kideen kalitatea azpimarratu dute. "Oso erraza izango da talde honetan lan egitea", gaineratu du Elolak.

Zerrenda osoa aurrerago jakinaraziko dute.