Gaur zabalduko ditu ateak 19. Garagardo Azokak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 17a, 08:00
Iazko garagardo azokako irekiera eguna (Onintza Lete Arrieta)

Gaurtik astelehenera, ez da faltako jan-edanik eta zuzeneko musikarik. Mus txapelketa, haurren txokoa eta ZKEren urteurreneko "bazkari erraldoia" ere prestatu dituzte.

Zarautz Rugby Taldeak dena prest du gaur, apirilak 17, Garagardo Azokako ateak irekitzeko Munoako karpan. 19. aldiz antolatu dute festa elkartearentzat dirua biltzeko, eta askorentzat galdu ezinezko hitzordua bihurtu da. Ez alferrik, egunotarako gaueko autobus bereziak jarri dituze Azkoitia eta Zarautz artean.

Garagardo Azoka 19:00etan irekiko dute, eta 20:00etan hasiko da ekitaldia eta omenaldia. ZKEko lehendakari ohiak omenduko dituzte aurtengoan, kirol elkartearen 75. urteurrenaren harira.

Urteurrena gogoan izango dute larunbatean ere, bazkaria egingo baitute ZKEko kideek. 400 pertsonentzako tokia egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Gainontzeko jatorduei dagokienez, afaltzeko gune berezia jarriko dute, eta hori 20:30etik 23:30era egongo da zabalik. Mahaia egunean bertan erreserbatzeko aukera egongo da, pertsonako 10 euroko kontsumizioa egitearen truke.

Bihartik igandera, azoka 12:00etatik 01:00era egongo da zabalik. Astelehenean, berriz, 22:00ak arte.

Mus Txapelketa

Bestalde, urtero bezala, Mus Txapelketa egongo da garagardo azokako egitarauaren barruan. Ostiralean izango da, apirilaren 19an, 15:30ean. Irabazleek txapela eta diru saria eskuratuko dituzte, eta baita beren altuera adina garagardo kaxa ere.

Haurren txokoa

Zarautz Rugby Taldeak haurrei zuzendutako gune bat ere prestatu du. Haurren txokoa azokako egun guztietan egongo da zabalik eguerdi partean, 13:30etik 15:30era.

Jakinarazi dutenez, begiraleak egongo dira haurrekin txoko horretan.

Egitaraua

Apirilak 17, asteazkena

  • 19:00. Azokaren irekiera
  • 20:00. Inaugurazio ekitaldia. Omendua: Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurrena dela eta, bertako lehendakari ohiak.
  • 22:00. Bide batez erromeria taldea

Apirilak 18, osteguna

  • 22:00. Alaiki taldea

Apirilak 19, ostirala

  • 15:30. Mus Txapelketa. Irabazleak txapela eta dirusariaz gain, bere altuera eramango du garagardo kaxetan.
  • 22:00. DJki

Apirilak 20, larunbata

  • 14:00. Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurreneko bazkaria. Tiketak kirol ekkartearen bulegoan egongo dira salgai. Bazkari horretan 400 pertsonentzako tokia izango da.
  • 22:00. Fan & Go erromeri taldea

Apirilak 21, igandea

  • 22:00. Igara Roosters taldea

Apirilak 22, astelehena

  • 20:00. Azokaren itxiera (leihatila 19:00etan itxiko da).