Pagoeta Mendi Lasterketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 18a, 13:09
Ezkerretik hasita, IƱigo Garcia, Monika Aranburu eta Gari Urdanpilleta, Kilometroetako 'mamorroekin' (Onintza Lete Arrieta)

Apirilaren 28an jokatuko dira mendi lasterketako proba luzea (21 kilometrokoa) eta proba mistoa (8 kilometro), eta oraindik izena emateko aukera dagoela gogorarazi dute. Salbatore Mitxelena Ikastola da antolatzailea, eta Kilometroen programazioan sartu dute aurtengo edizioa.

16. Pagoeta Mendi Lasterketa hurrengo astean jokatuko da, apirilaren 28an. Dena prest dute antolatzaileek, eta herritarrak animatu dituzte bi ibilbideetako batean parte hartzera. Probei buruzko xehetasunak ere eman dituzte prentsaurrean Salbatore Mitxelena Ikastolako kideek.

Iñigo Garciak azaldu du ibilbide nagusiak 21 kilometro dituela, eta 900 metroko desnibel positiboa duela. "Ibilbide zirkularra da, eta bi zati nagusitan bana daiteke: batetik goranzko zatia dago, Saberri aldetik Pagoeta mendiko gurutzera eta Murukil tontorrea doana; bestetik, beherakoa, Laurgain aldetik". Garciak jakinarazi du ibilbidearen zati bat Pagoeta Kontserbazio Bereziko Eremutik igarotzen dela, 7. eta 16. kilometroen arteko zatian, eta horregatik eskatu die parte hartzaileei arretaz ibiltzeko eremu horretan.

Ibilbidea teknikoki zaila ez bada ere, hiru orduko muga jarri dute amaitzeko, eta beraz, "eskarmentu pixka bat duten korrikalarientzat aproposa da; ez diegu aholkatzen hasiberriei".

Obrengatik aldaketak ibilbidean

Aurten, Frantseskoa bideko obrak direla eta, ibilbidean aldaketa batzuk egin behar izan dituzte, bai proba nagusian, bai mistoan. Ibilbide nagusian lehen kilometroari eragingo dio, eta Ariziako aldapatik joango da lasterketa, gero handik berriro Abendañora jaitsi eta betiko ibilbidea jarraitzeko.

Ibilbide mistoan, berriz, azken kilometroan egongo da aldaketa, herrira La Salle aldetik pasatu beharko baita.

Astean bi aldiz entrenatuta, nahikoa

Ibilbide mistoari dagokionez, 8 kilometroko distantzia egin beharko dute emakumez eta gizonez osatutako bikoteek, eta horri oso aproposa iritzi dio "mendi lasterketen munduan sartzeko". Desnibel gutxi duela esan du, zailtasun teknikorik gabekoa, eta "ariketa fisikoa erregularki egiten duen edonork burutzeko modukoa".

Hain justu, prentsaurrekoan bere esperientzia kontatu du iaz proba hori lehen aldiz egin zuen herritar batek, Monika Aranburuk: "Aurreneko aldian ezin izan nuen parte hartu lesio batengatik, eta denek esan zidaten erraza eta polita iruditu zitzaiela. Horregatik, iaz animatu egin nintzen eta antolakuntzako Igor Etxeberriari eskatu nion ea egingo al zuen proba nirekin. Ibilbide erraza da pixka bat entrenatuz gero, astean pare bat aldiz korrika eginda nahikoa da".

Gari Urdanpilletak azaldu zuen iaz 125 bikotek hartu zutela parte, eta esan zuen "lehiakortasunak alde batera utzita", kirolaz eta Aiako eta Zarauzko parajeez gozatzeko aukera ederra direla bi ibilbideak.

Lehiakortasuna aipatuta, aurten ere saritu egingo dute ezarritako markak haustea, 200 euroko gainsariak emanez probaren errekorrak gainditzen dituenari, bai ibilbide nagusian, zein mistoan. Ibilbide nagusiko marka Andreu Simonek du gizonezkoetan (1:33:26) eta Maite Etxezarretak emakumezkoetan (1:50:49). Ibilbide mistoan gainditu beharreko marka 36:03 denbora da.

Parte hartzaile arruntek ere euren saria izango dutela esan zuen Urdanpilletak. "Kamiseta bana jasoko dute parte hartzaileek, eta jaki goxoz betetako poltsa bat. Hainbat opari zozkatuko ditugu, eta helmugan hamaiketako ederra eskainiko diegu korrikalariei zein ikusleei".

Ordutegia eta izen-emateak

Apirilaren 28ko bi probak toki berean hasi eta amaituko dira: kiroldegi aurrean. Ibilbide nagusia 09:30ean hasiko da, eta mistoa hamabost minutu geroago, 09:45ean.

Izena eman nahi duenak rockthesport.com webgunea erabili behar du, eta dortsalak bezperan 17:00etatik 19:00etara jaso ahalko dira, edo egunean bertan, lehiaketa hasi baino orduerdi lehenagora arte.

Pagoeta Mendi Lasterketa egin ahal izateko jende eta erakunde askoren partaidetza beharrezkoa dela esan dute antolatzaileek, eta eskerrak eman dizkiete Aiako eta Zarauzko Udalei, probaren babesle guztiei eta boluntario lanak egingo dituzten herritarrei.