GUTUNA: Sortuko dira besteak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 19a, 14:52

Putzuzulo gaztetxeaz gutuna bidali du Jon Gotzon Ruiz herritarrak, Sortuko dira besteak izenburupean.

Hau da Jon Gotzon Ruizek bidali duen gutuna, osorik:

"Nondik hasi... Orain dela urte mordoxka batzuk lizunez betetako paretak eta kristalak lurrean zituen eraikuntza honi buruz berriketan. Pasa da denbora, eta nahiz eta memoria dexente txarrekoa izan, oso ondo eta betirako gogoratuko ditudan bertako momentuak dauzkat nire barrenean sartuta. Kasualitatea ote da, ba, nahigabean Izarren Hautsa hasi izana entzuten lerro hauek idazten nabilen bitartean, zeinek daki. Kasualitatea izan ote zen bezalaxe herriko neska-mutil batzuen nahiak elkartuz, herrigintza berri baten bila jardun eta Putzuzulo sortu izana. Nire ustetan denak dauka zergati bat, eta Zarauzko herriak izandako gabezia hori bete-betean betetzen saiatu da gaur arte.

Eta nola, gainera... Zenbat buruhauste bizi izan ote diren Putzuzulon baitan, zenbat barre algara, zenbat dantza, ekintza, lan, ideia, bidelagun, aldaketa, zarata, elkarlan, izerdi, konplizitate, eta zenbat gogo eta ilusio inguruan gustuko ez duguna aldatu nahi eta saiatze hortan ezin gelditu.

Motxean esanda, ezerezetik sortu zena ez dadila gelditu, ba, ezerezean, nire ustetan Zarautz Putzuzulo gabe, ez delako sekula Zarautz izango".