Jardunaldi Enogastronomikoak izango dira bihartik aurrera herriko hainbat jatetxetan

Amaia Urbieta Arruti 2019ko api. 25a, 16:07
Antolatzaileak eta parte hartuko duten ostalariak elkartu dira prentsaren aurrean agerraldia egiteko.

Maiatzaren 26ra arte menu bereziak probatzeko aukera izango da, eta ekainaren 1ean Pintxorautz hasiko da: herriko taberna desberdinek osatuko duten pintxo ibilbidea.

Bihartik maiatzaren 26ra arte, jardunaldi enogastronomikoak direla eta, herriko 18 jatetxek menu bereziak eskainiko dituzte. Udaberriko jakiez osatutako menuak izango dira, eta kasu bakoitzean jakiei dagozkien hiruzpalau ardo egongo dira aukeran.

Jardunaldiak antolatzen diren lehen aldia izateko, "parte hartze zabala" izan dela azaldu du Kirkilla Enea jatetxeko ordezkaria den Julen Olazabalek. Antolatzaileek jendea animatu nahi izan dute parte hartzera, eta Martin Argiñanok zehaztu du kanpotarrak erakartzeaz gain, zarauztarrek bertan jatea ere badela egitasmoaren helburu. "Askotan bertakook kanpoko jatetxeetara joaten gara, eta bertako establezimenduetan kontsumitzea sustatu nahi dugu".

Liburuxka batzuk ere atera dituzte jendeak egitasmoaren inguruan informazio zabalagoa izan dezan. Besteak beste, horietan egongo da ikusgai jatetxe bakoitzean zein menu jateko aukera egongo den. Menuen prezioak desberdinak izango dira jatetxe bakoitzean.

Jardunaldi Enogastronomikoen ostean, Pintxorautz

Jardunaldiak amaitzean Pintxorautz hasiko da. Ekainaren 1etik aurrera, herriko beste 18 tabernak (batzuek errepikatuko dute) gourmet pintxoak eskainiko dituzte, ardo beltz, ardo zuri edo kaba batekin batera. Taberna bakoitzak bere pintxoa izango du, eta ardo kopak eta pintxoak 4,5 euro balioko dute taberna guztietan. 

Ondoko tabernek hartuko dute parte Pintxorautzen: Jakoba, Karlos Arguiñano, Joe, Itxaslur, Ameztigain, Sugoi, Jai Txiki, Okamika, Txikipolit, Iruña, Arkupe, Joshe Mari, Naparrak, Euskalduna, Zazpi, Salegi, Itsaski eta Alai.

Bi egitasmoen berri emateko, jakinarazi dute tabernak eta jatetxeak protagonista izango dituzten bi bideo labur zabalduko dituztela instagram bidez.