Hizkuntzak izango ditu ardatz aurtengo Zarauztik Mundura jaialdiak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko api. 30a, 10:00
Munduko txoko desberdinetatik Zarautzera bizitzera etorritakoak dira festaren protagonista. (Amaia Urbieta Arruti)

Maiatzaren 4an festa giroa izango da nagusi Lege Zaharren Enparantzan. 12. aldiz, Zarauztik Mundura jaialdia antolatu dute eta aurtengoan, hizkuntza desberdinak izango dira festaren protagonista.

"Orain dela urte batzuk argitaratutako ikerketa baten arabera, 250 hizkuntza dira Londonen hitz egiten direnak". Horrela hasi du Zarauztik Mundura jaialdia aurkezteko prentsaurrekoa Iratxe Zorrozua immigrazio zinegotziak. Datu horretan inspiraturik, Zarauzko hizkuntza aniztasuna aztertzen jarri eta herrian gutxienez 35 hizkuntza hitz egiten direla jakin zuten horrela. "Aniztasun hori azken urteotan Zarautzera lan egitera eta bizitzera etorri diren lagun berriek ekarri dute". Hain zuzen ere, bizilagun horiek erdigunean jartzeko festa da Zarauztik Mundura.

Maiatzaren 4an, larunbata, 12. aldiz ospatuko da jaialdia, eta aurtengoan ere egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Iaz adin txikikoei eskaini zieten bezala, aurtengoan hizkuntza aniztasuna hartu dute ardatz, eta horrekin zerikusia duten hainbat ekimen prestatu dituzte. Hemen dago ikusgai larunbateko egitaraua, osorik:

12:00. Munduko janarien dastaketa: Argentina, Bolivia, Guatemala, Italia, Kolonbia, Maroko, Nikaragua, Peru, Sahara eta Senegal
13:00. Zarautz Txiki abesbatza
13:30. Senegalgo musika eta perkusioa Sapali Keur Gui taldearekin
17:00. Munduko tailerrak:

  • Zure izena nire hizkuntzan
  • Hizkuntza desberdinetan ipuin kontalaria
  • Henna
  • Sagar muztioa
  • Guatemalako oskolak
  • Lore koroak
  • Buztin tailerra tornoarekin

18:00. Munduko dantzak: Bolivia, Filipinak, Honduras...
18:30. Txokolate-jana
19:00. Munduko janarien dastaketa
19:30. Fusion H taldearen kontzertua