Beertatik Beertara, apar eta aldarrikapen artean

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 2a, 13:54

Putzuzulon ekoiztutako Putzuzale edaria edateko aukera ere izango da. (Dorleta Agiriano lai)

Gaur hasiko dira Beertatik Beertara jardunaldiak Putzuzulo Gaztetxean. Bertako ekoizleek egindako 17 garagardo eta bertako elikagaiak dastatzeko aukera izango da larunbatera bitartean; tartean, gaztetxean ekoiztutako Putzuzale garagardoa.

"Iraultza txikitasunetik, norbanakotik hasten den zirimola da, bertatik sortu beharko litzatekeena".  "Bertako ekoizpena" eta "bitartekaririk gabeko harreman zuzena" oinarri, gaur, osteguna, emango diete hasiera Beertatik Beertara jardunaldiei, Putzuzulo Gaztetxean.

Larunbatera bitartean, Gipuzkoako zein Arabako ekoizleek egindako garagardoa dastatzeko aukera izango da Putzuzulon; 17 garagardo ekarri dituzte, upeletan zein botilatxoetan. Bestalde, duela hilabete batzuk gaztetxean ekoiztutako Putzuzale garagardoa ere edan ahalko dute bertaratzen direnek. Jatekoa ez da faltako: "Bertako eta garaiko barazkiak eta txerrikiak eskainiko ditugu", azaldu du antolatzaileetako batek.

Hala, Beertatik Beertara topaketen bidez, "bertako ekoizpena balioan jarri" nahi dute, ekoizleekin hartu-eman zuzena ehunduz eta "alternatiba" horri plaza bat emanez. Gaurko afari beganoa eta Low Sun eta DNO taldeen kontzertuak antolatu dituzte. Bihar "bertako sukaldearen" eta garagardo iturrien irekiera izango da, 20:00etan; eta larunbatean, aldiz, bazkaria eta afaria egingo dituzte.

Fernando Medinari omena

Duela aste batzuk zendu zen Fernando Medina zarauztarraren oroimenez, egitarauaren barruan, futbolin txapelketa prestatu dute larunbaterako. Izan ere, "futbolinzale amorratua" zen Medina, antolatzaileen esanetan. 17:00etan hasiko da txapelketa; "lau futbol zelai" jarriko dituzte, eta "gazte harmaila" eraikiko dute ikusleentzat. 16:00etan irekiko dute izen-ematea, eta 5 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak.

Putzuzulo bizi-bizi

Jardunaldiei jai giro ukitu bat emateko asmoz, kontzertuak ere antolatu dituzte. Gaur Moonshine Wagon ariko da Putzuzulon 23:00etan hasita, eta bihar Bidelapurrak eta The Potes taldeak taularatuko dira, 22:30etik aurrera.

Topaketan lortutako dirua "beste ekimen sozial batzuk abiatzeko" eta "herriko mugimendu sozialetako hainbat kideri ezarritako isunei aurre egiteko" bideratuko dute. Beertatik Beertara Putzuzulon antolatzea hautu bat dela ere nabarmendu dute antolatzaileek; gaztetxea eraiste arriskuan dagoen honetan, "dinamikek aurrera jarraitu dezaten" eta gaztetxeak "bizirik segitu dezan".