Udal eta Foru Hauteskundeak

Urola Kostako EAJko alkategaiak aurkeztu dituzte Getarian

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 3a, 17:30
Getariako aurkezpen ekitaldian izan da Xabier Txurruka egungo alkatea. (EAJ-PNV)

Aurkezpen ekitaldian izan da EAJ-PNV alderdiak Zarautzen aurkeztuko duen alkategaia , Xabier Txurruka.

Maiatzaren 26an izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta EAJ-PNV alderdiko alkategaiak aurkezteko ekitaldia egin zuten ostegunean Getarian. Bertan izan ziren Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Deba-Urolako hautagai Maria Eugenia Arrizabalaga eta eskualdeko EAJko zerrendaburuak: Zarauzko Xabier Txurruka, Aiako Nekane Arrizabalaga, Getariako Aitor Urresti, Orioko Lourdes Salsamendi eta Zumaiako Oier Korta.

Apirilaren 28ko "tentsioari eusteko" dei egin zuen Egibarrek ekitaldian: "Asko dugu jokoan. Hilaren 26an bigarren itzuliko partida jokatuko da. Herrigintza da herri honen benetako motorra. Herrian sinesteaz aparte, herria errespetatzeaz aparte, proiektuak aurkeztu behar dira aurrera egiteko. Herri txikienetatik hasi, eskualdeetatik pasa eta nazio ikuspegia mamitu arte, proiektu beraren zatiak dira gure programak”, azaldu zuen.