Jokin Eizmendik bigarren egin du XIII. Gorostidi Harriaren txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 7a, 10:30
(Irati Urdalleta / Tolosaldeko Ataria)

Aimar Irigoien errezildarra izan zen txapeldun, lanak minutu bat, 53 segundo eta 51 ehunenean eginda. Eizmendik, berriz, bi minutu, 27 segundo eta 40 ehuneneko behar izan zituen.

Aimar Irigoien errezildarrak irabazi zuen XIII. Gorostidi harriaren txapelketa. Igandean jokatu zuten lehia Adunako (Gipuzkoa) pilotalekuan, eta berez bederatzi harri jasotzailek parte hartu behar bazuten ere, lesioak medio, zazpi bertaratu ziren lehiara: Aimar Irigoien (Errezil), Jokin Eizmendi (Zarautz), Aimar Galarraga (Orio), Xabier Peñagarikano (Aizarnazabal), Imanol Illarramendi (Aia), Gorka Etxeberria (Orio) eta Josetxo Urrutia (Leitza). 160 kiloko zilindro zaharra, 155eko errektangular zaharra, 139 kiloko harri baldarra, 150 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izan zituzten parez pare kirolariek, eta harri bakoitzari bi jasoaldi eman behar izan zizkioten.

Aimar Irigoien izan zen lanak azkarren egin zituena: minutu bat, 53 segundo eta 51 ehunen behar izan zituen. Ondoren, Jokin Eizmendi sailkatu zen, bi minutu, 27 segundo eta 40 ehuneneko denborarekin. Hirugarrena Aimar Galarraga izan zen, eginbeharrak hiru minutu, hogei segundo eta 65 ehunenean eginda. Laugarrena izan zen Xabier Peñagarikanok hiru minutu, 59 segundo eta 37 ehunen behar izan zituen lanak amaitzeko. Imanol Illarramendi izan zen bosgarrena lau minutu eta 11 ehuneneko denborarekin. Gorka Etxeberria seigarren sailkatu zen, bost minutu, 22 segundo eta 90 ehuneneko denbora eginda. Josetxo Urrutiak, berriz, ez zuen lortu 150 kiloko harri kubikoa jasotzea.

Beste erronka bat ere bazegoen harri-jasotzaileentzat: 185 kiloko zilindroa esku bakarrarekin jasotzea. 500 euroko saria zuen helburua lortzen zuenak, baina inor ez zen ausartu harria altxatzen.