Udal eta Foru Hauteskundeak

"Alderdikerien gainetik, herriaren alde" egiteko prest azaldu da EH Bildu

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 11a, 10:01

Atzo hasi zen maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako kanpaina. EH Bilduk Lege Zaharren Enparantzan izan zuen ekitaldia, eta Itziar Murua alkategaiaz gain, Juan Karlos Izagirre diputatu nagusi izateko koalizioaren hautagaia eta Maddalen Iriarte ere izan ziren bertan.

Ekitaldi jendetsua egin du EH Bilduk Lege Zaharren Enparantzan, udal hauteskundeetako kanpainari hasiera emateko. Naiara Carvajal koalizioko egungo zinegotziak gidatu du saioa, eta Itziar Murua alkategaiak, Juan Karlos Izagirre diputatu nagusirako hautagaiak eta Maddalen Iriartek hitz egin dute.

Murua izan da lehena hitza hartzen. Azaldu du politika mundua berria dela beretzat, eta oraingoz ezperientzia "ederra eta aberasgarria" ari dela izaten. "Entzutea tokatzen zait orain, herritarrengandik hurbil egoteko konpromiso pertsonala hartu dut". Herritarrak bertan bizitzen gustura egongo diren Zarautz bat lortu nahi duela azaldu du, "arraza, genero eta adin guztietako herritarrak". Besteak beste, "etxebizitza hutsen arazoari" irtenbide bat ematea dute asmo, baita pentsio baxuak kobratzen dituzten herritarrei laguntzea eta herriko sortzaileei bultzada ematea ere. "Alderdikerien gainetik, herriaren alde lan egitera goaz". Horretarako, talde "fresko, zintzo, irudimentsu eta serioa" duela adieraziz burutu du Muruak.

Juan Karlos Izagirre diputatu nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak hartu du mikrofonoa jarraian. EH Bilduk "ilusioa berreskuratu" duela azpimarratu du, eta "aukera errealak" dituztela Gipuzkoan hauteskundeak irabazteko. "EH Bilduk frogatu du bere lehentasuna herritarrak zaintzea dela. Gobernatzen egon den herrietan bizi baldintzak hobetu dituzte". Bestalde, politika "behetik gora" egiten dutela nabarmendu du igeldoarrak: "Alkate onena herria, eta diputatu nagusi onena, herria". Amaitzeko, gogoan izan ditu greban dauden adinekoen erresidentzietako langileak eta etxeko zaintzan lan egiten dutenak. "Egoera honen aurrean ezin da beste aldera begiratu".

Maddalen Iriartek borobildu du ekitaldia. Imanol Murua izan du gogoan, eta eskerrak eman dizkie pentsiodunei eta mugimendu feministari, "denon alde" egiten ari diren lan horrengatik. Gazteak ere EH Bildurekin daudela esan du, "gazteen bulkada" bertan dela. Bereziki azpimarratu du Euskal Herri librearen nahia Iriartek; "duintasunez eta elkartasunez" osatu nahi duten Euskal Herri librea. "Esango digute ez dela posible, frustrantea izan daitekeela, baina itxaroten badugu ez da posible izango. Itxaron izan bagenu ez genuke ikastolarik, egunkaririk eta telebistarik izango. Errealistak izan bagina Korrika asmatu zuen zoroari ez geniokeen jaramonik egingo". EAJ-k Madrilen izandako jarrerak ere kritikatu ditu Iriartek, 155. artikulua negoziatu eta aurrekontuak onartu izanagatik. Lizardiren poema batekin burutu du hitzaldia, eta amaitu du esanez "herri libreago baten alde lanean" jarraituko dutela.