Udal eta Foru Hauteskundeak

"Gardentasuna, feminismoa, etxebizitza, ingurumena eta enplegua" izango ditu oinarri EQUO-Berdeak Ahal Dugu-ren programak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 13a, 11:19

Herritarrei "protagonista izateko aukera" ematen dien eta "inor atzean uzten ez duen" proiektua aurkeztu du Equo Berdeak-Ahal Dugu koalizioak. Maria Valiente Ahal Dugu-ko Gipuzkoako batzarkideak, Marivi Eizagirre koalizioko kideak eta Ana de Benitok hitz egin zuten ekitaldian.

Lege Zaharren Enparantzan egin zuten atzo ekitaldia, eta bertan, programako lerro nagusiak aurkeztu zituen Ana de Benito koalizioaren zerrendaburuak: partehartzea eta gardentasuna, etxebizitza, ingurumena eta feminismoa.

Udal politikaren "gardentasuna bermatzeko" Hiritar Aulkia sortuko dutela azaldu zuen De Benitok. "Horrela, estrategikoak diren edo herrian eragin handia izango duten erabakiak eztabaidatu ahal izango ditugu". Horrez gain, "gardentasuna bermatzeko", urtero, hiru edo lau auzo-batzar egingo dituztela azaldu du.

Etxebizitzaren arazoa izan zuen jarraian ahotan alkategaiak. "Zarautzen oso zaila da etxebizitza lortzea". Hori dela eta, etxebizitza alokatzeko laguntzak eskainiko dituztela azaldu zuen. "Etxe hutsak merkaturatu eta, adibidez, kooperatiba baten bidez, alokairu sozialeko etxeak egingo ditugu". Zenbait eremutan egin beharrekoa erabakitzeko "hausnarketa prozesu bereziak" egingo dituztela ere esan zuen, zenbait eremutan zer egin erabakitzeko: Iñurritza Biotopoan, Iritan, Errotaberrin... Horrez gain, apustu sendoetako bat da Hiribus zerbitzua doan jartzea, "kotxea etxean uzteko eta kaleak oinezkoentzat izateko".

Aipatutakoaz gain, klima aldaketaren aurrean hainbat neurri hartuko dituztela adierazi zuen De Benitok: eraikuntza publikoak energetikoki eraginkorrak izatea, Bulego Berdea irekitzea, Asti eta Irita babestea, animalien babeserako Ordenantza berria...

Berdintasuna, feminismoa eta LGTBIQ kolektiboaren eskubideak izango dira lantzekotan diren beste zeharlerro bat. "Emakume Etxeak autonomoa izan behar du eta hori bultzatuko dugu, eta herriko mugimendu feministaren eta udalaren arteko elkarlan serio eta konprometitu bat biertzeko gunea izan behar du". Landu zuten beste gaietako bat enplegua izan zen. "Enplegua sortzeko estrategia, ekonomia soziala eta enplegu berdea" sustatuko dituztela agindu zuen alkategaiak.

"Etorkizuneko Zarautz eraikitzeko, beharrezkoa da herritarrek parte hartzea, feminismoaren alde egitea, klima-aldaketaren kontra borrokatzea eta etxebizitza-eskubidea bermatzea. Ahal dugun guztia egingo dugu udalerri iraunkorra, atsegina, irekia eta eskuzabala lortzeko". Hala burutu zuen ekitaldia De Benito alkategaiak, eta botoa eskatu zuen ordezkatzen duen koalizioarentzat.