"Hautagaiei eskatuko diegu pentsio duinen alde egiteko, guretzat eta ondorengoentzat"

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 13a, 13:30

Pasa den asteburuan "pentsio duinen aldeko" mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hainbat instituziok eta talde politikok egindako "promesak" ez dituztela bete salatu dute, eta gainera, pentsiodunen mugimenduen aldarrikapenetatik "urruti" daudela diote. Maiatzeko hauteskundeei begira ere jarri dira; hautagaiei "pentsio duinen alde egiteko" eta "jarrera aldatzeko" eskatuko diete.

Gaur, astelehena, Lege Zaharren Enparantzan elkartu dira Zarauzko dozenaka pentsiodun eta jubilatu. Astelehenero bezala, "pentsio duinak" eskatu dituzte, eta maiatzeko hauteskundeei begira ere jarri dira.

Pasa den larunbatean, maiatzak 11, pentsio duinen aldeko manifestazioak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta milaka herritar batu ziren. Zarauzko pentsiodunek eta jubilatuek gaur adierazi dutenez, "mobilizazioekin jarraituko dute EAEko zein Nafarroako mugimenduek", "eta posible bada, estatuko gainontzeko plataformekin batera".

Izan ere, hainbat instituziok eta talde politikok pentsioen inguruko "promesak" egin dituztela azaldu dute; hala nola, "igoera handiagoak pentsio baxuenentzat" edota "iraunkortasun faktorea indargabetzea". "Promesa" horiek, "modu berehalakoan" ez direla "gauzatzen" diote, eta gainera,  pentsiodunen mugimenduen aldarrikapenetatik eta eskaeretatik "urruti" daudela ere nabarmendu dute. Aldarrikapen nagusia "pentsio duinak bermatuko dituen sistema publikoaren defentsa" dela iritzi dute.

Hala, eskaera nagusia hori izanik, zenbait zehar-lerro zehaztu dituzte pentsiodunek eta jubilatuek; hain zuzen, "KPIren araberako pentsioen eguneratzea", "1.080 euroko gutxieneko pentsioa" edota "2011ko eta 2013ko pentsio erreformen neurri atzerakoienak indargabetzea".

Maiatzeko hauteskundeei begira

Maiatzaren 26an izango dira udal, foru eta autonomia-hauteskundeak, eta baita Europakoak ere. Hala, hautagaiei "pentsio duinen alde egiteko" eta "jarrera aldatzeko" eskatuko dietela adierazi dute pentsiodunen eta jubilatuen mugimenduko kideek, "guretzat eta ondorengo belaunaldientzat". "Jendarte ororen bizi-baldintzak hobetzeko planak eraikitzeko" ere galdegingo dutela diote, "batez ere, pertsona nagusienak eta pentsiodunenak".

Europan "pentsioen eta babes sozialerako sistema publikoaren aurka" ari direla azpimarratu dute, "gero eta gogorrago". Beraz, EAEko eta Nafarroako hautagaiei eskatuko diete pentsioen inguruko eskaerak "Europara eramateko konpromisoa hartzeko".