EBA mailara igotzeko txartela eskuratu du Ulacia saskibaloi taldeak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko mai. 15a, 10:00
Gizonezkoen Lehenengo Maila Nazionaleko lehenengo postua lortu du Ulaciak. (ZAST Zarautz)

Aurreko denboraldian jaitsi ziren mailaz. Lehenengo Mailan jokatu dute aurten, eta mailako txapeldunak izan dira. 21 garaipen eta 5 porrot izan dituzte denboraldi osoan.

2017-2018 denboraldiaren ostean, Espainiako EBA ligatik jaitsi zen Zarauzko Ulacia saskibaloi taldea. Hala, Gizonezkoen Lehen Mailan jokatu dute azken denboraldia, eta lehenengo postua lortu dute Hego Euskal Herriko sailkapenean; guztira, 21 garaipen eta soilik 5 porrot izan dituzte denboraldi osoan.

Urteko azken txanpan Azpeitiko Disdira Bitxitegia eta Ulacia taldeak aritu dira nor baino nor, lehenengo postuarengatik borrokan. Azkenean, pasa den asteburuan Gernikan Tabirako taldea mendean hartu ondoren, zarauztarrak izan dira Lehen Mailako txapeldunak, eta EBA ligara itzultzeko txartela eskuratu dute.

Egun, Estanis Andres, Imanol Artetxe, Izotz Barrio, Aaron Centeno, Bingen Eceiza, Imanol Eceiza, Julen Egaña, Aitzol Eguskitza, Unai Eizagirre, Mikel Larrañaga, Jon Sanz eta Beñat Jauregik osatzen dute Ulacia taldea, eta Jokin Collantes eta Oraitz Garcia aritzen dira entrenatzaile lanetan.

Eguneroko elkarlana

Julen Egaña jokalariaren arabera, "denboraldi perfektua" egin dute bukatu berri dutena: "Oso partida gutxitan egin dugu huts. Esaterako, etxean jokatutako partida bakarra galdu dugu". Aurten egindako ibilbidea jokalarientzat "garrantzitsua" izan dela dio: "EBA ligan hiru denboraldi egin genituen eta gogorra izan zen; partida asko galdu genituen, eta alde handiarekin, gainera". Beraz, "irabazteko sentipena eta zirrara" berreskuratzeko beharra bazutela azaldu du zarauztarrak.

Emaitza bikain horiek lortzeko "gako nagusiak" "eguneroko lana eta taldekideen arteko harremana" izan direla uste du Egañak: "Urte asko egin ditugu elkarrekin, eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Gozatu egiten dugu elkarrekin jokatzen".

Collantes entrenatzailearen lana ere nabarmendu du jokalariak: "15-16 urte nituenean bera ere jokalaria zen, eta esan zidan ez zela erretiratuko nirekin jokatu arte. Duela lau urte ibili ginen talde berean, sekulako denboraldia egin genuen, eta mailaz igo ginen. Orain gure entrenatzailea da, eta niri ilusio handia egiten dit berarentzat jokatzeak".

Oraindik ez dela datorren denboraldiari begira jarri dio Egañak: "Urte gogorra izan da eta orain atsedena baino ez dut buruan". "Udan helduko diogu datorren sasoiari", gehitu du.