Laguntasuna lehen lerrora

Miren Garate / Berria 2019ko mai. 22a, 11:30

Alberdaniak euskaraz argitaratu du Lucia Baskaranen 'Gorputz madarikatuak'. Bikotea hil zaion emakume bat da protagonista. Berriak Baskaranen lanaren inguruko erreportajea egin du.

Lucia Baskaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1988) lagun batek kontatutako istorio batetik abiatuta hasi zen Gorputz madarikatuak eleberria idazten; hau da, benetan gertatutako istorio batetik abiatuta. Emakume batek eta gizon batek elkar ezagutu zuten nerabezaroan, harreman bat hasi zuten, eta, 25 urte ingururako, "heteroarauaren plana" zuten: ezkondu, etxe bat erosi, umeak eduki... Gizonezkoa hil egin zen istripu batean, eta emakumea haren anaiarekin harremanak izaten hasi zen. "Pentsatzen zuen anaiarekin haurdun geratuz gero haur horren bidez hildakoa bizitzara ekarriko zuela". Emakumeak ondorio horretara iristeko izango zuen prozesu mentalak eman zion atentzioa Baskarani, eta hala ekin zion liburua idazteari. Gaztelaniaz idatzi du jatorrizko bertsioa, baina Alberdaniak aldi berean argitaratu du euskarazkoa ere; hain zuzen, Joxe Antonio Sarasolak egin du itzulpena.

"Nik emakume horrekin ez dut inolako harremanik. Istorioa erabat fikziora eramana dago; neuri interesatzen zaizkidan gaiei buruz idazteko erabili dut", zehaztu du Baskaranek. Alizia da eleberriko protagonista nagusia. Bikotekidea auto istripu batean hiltzen zaion unetik abiatzen da kontakizuna, eta noraezean dago protagonista hasierako momentu horretan. Baskarani kontatutako istorioan ez bezala, bestelako bide bat hartzen du, ordea, eta, bikotekidearen galerari aurre egiteko, adiskidetasunean bilatzen du heldulekua.

Baskaranek pisukide duen Danele Sarriugarte idazlearekin batera egin du eleberriaren aurkezpena, eta hark egindako galderak erantzun ditu. "Liburua irakurrita, niri iruditu zait, erabateko maitasun erromantiko horren ideia hautsi egin denez, horri uko egitea eta laguntasunaren eta beste harreman batzuen aldeko apustua egitea erabakitzen duela Aliziak. Bat zatoz?", bota dio Sarriugartek. Baietz erantzun dio idazleak, emakumeen arteko laguntasuna dela liburuko gai nagusietako bat. "Familia tradizionalak osatu behar genituzkeela esaten digute; adiskidetasuna, berriz, bigarren mailako harreman gisa hartu ohi da. Emakumeok argi esaten badugu ez dugula ama izan nahi, jendeari susmoak pizten zaizkio; iruditzen zaio ez garela hain emakumeak, edo infantilagoak eta berekoiagoak garela. Niretzat garrantzitsua da jakitea horrek agenda politiko oso zehatz bati men egiten diola".

Erreportajea osorik ikusgai, berria.eus atarian.