Lan istripuen atzean "lan merkatuaren egoera prekarioa" dagoela salatu du CCOO-k

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mai. 22a, 12:25

30 lagun inguru elkartu dira udaletxe aurrean asteleheneko bi lan heriotzak salatzeko. CCOO-k basozaintza sektorearen "egoera larria" azpimarratu du, besteak beste.

Elkarretaratzea izan da Lege Zaharren Enparantzan CCOO sindikatuak deituta, asteleheneko bi lan heriotzak salatzeko. Bertan izan dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeetako ordezkariak, besteak beste. "Lan istripu gehiagorik ez!" zioen pankartaren atzean elkartu dira 30 pertsona inguru.

Asteleheneko gertarerak "esanguratsutzat" dituzte sindikatuko kideek, eta lan istripuen atzean lan merkatuaren "egoera prekarioa" dagoela uste dute. Hala azaldu du Alfonso Rios CCOOko lan osasunaren arduradunak: "patronaletik azalpenak ematen dituzte, esanez lan istripuak izan daitezkeela langileek beren buruan duten gehiegizko konfiantzaren eraginez. Guk azalpen hori ez dugu ontzat hartzen". Riosek uste du enpresek ez dietela langileei behar bezalako formakuntzarik eskaintzen, lanean istripurik izan ez dezaten.

Basozaintza arloarekin kezka

Jarraian, basozaintzaren sektorean ikusten duten "arazo larriaz" hitz egin du Riosek. Zestoan hil zen langilea basozaina zen, eta martxoaren 20an ere beste basozain bat hil zen lanean ari zela, Muxikan (Bizkaia). 2018an izandako 34 lan heriotzetatik 5 basozaintzan gertatu ziren, eta herritarren %1ek egiten du lan sektore horretan. "Ratio beldurgarria" dela uste dute CCOO-ko kideek, eta "sektore horretan zerbait oso larria" ari dela gertatzen. "Honen aurrean, ardura dutenek zerbait egitea espero dugu", azaldu du Riosek.

Obretako langileei buruz azaldu du eraikuntza sektorean izan dela hazkunde bat azkenaldian, eta ezin dela onartu hazkunde horren ondorioz lan istripu gehiago izatea. "Ulertzen dugu, obrak gora badoaz, segurtasun eta prebentzio neurriek ere gora egin behar dutela, enpresen aldetik, lan istripurik egon ez dadin".

Deialdi gehiago

Azpeitian beste bi elkarretaratze egingo dira lan heriotzak salatzeko gaur. 12:30ean, plazan elkarretaratzera deitu dute ELA, LAB, EHNE, HIRU eta STEILAS sindikatuek. Arratsaldean, 19:00etan, berriz, herriko zazpi eragilek deituta egingo dute protesta: Azpeitiko Gaztetxie, CNT, Sortu, Ernai, Elkar-Ekin, ELA eta LAB.