Ruben Martin de Lucas: "Eraikuntza mental asko inposatuta iritsi zaizkigu"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 6a, 08:30

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak eskainitako Daniel Txopitea beka eman diote Ruben Martin De Lucas artistari. Gaur jasoko du beka, Modelon egingo duten ekitaldian.

Bide-ingeniaritza ikasten hasi bazen ere, bidea jorratzeko oso bestelako heldulekua topatu du Ruben Martin De Lucasek (Madril, 1977). Artista bisuala da, eta Daniel Txopitea beka emango diote gaur, Burocracias obra gauzatu ahal izateko. Modelo aretoan egingo dute ekitaldia, 20:30etik aurrera, eta bertan, Martin de Lucasen hitzak entzuteaz gain, bere obraren zati bat ikusteko aukera izango da. Hain zuzen ere, bere ikus-entzunezko bi film labur eskainiko dituzte.

Madrildarra zara. Nolatan eman dizute Zarauzko Daniel Txopitea beka?
Ez dut izatez Zarautzekin inolako loturarik, lagun baten bidez ezagutu nuen deialdia, aurkeztu nintzen eta zortea izan nuen. Egia esan, bereziki pozgarria izan zen, zure lanari etxetik kanpo halako aitortza egitea berezia baita.

Zein izan da zure ibilbidea artearen munduan?
Bide-ingeniaritza ikasten hasi nintzen unibertsitatean, baina graduaren erdialdean utzi egin nituen ikasketak. Bidaia luze bat egin nuen Indiara, eta han askatasunez bizitzera ohitu nintzen. Egunero, une bakoitzean erabakitzeak zer egin nezakeen, horrek engantxatu ninduen. Batzuetan unibertsitatea bukatzean izan ohi dugun kezka da hileroko soldata bat lortu behar dugula independizatu ahal izateko eta abar, eta nik ez neukan horren beldurrik, ohitu bainintzen etengabeko ziurgabetasunean bizitzera. Horregatik guztiagatik, erabaki nuen modu serioagoan heltzea ordura arte nire afizioa izan ziren sorkuntzari eta arteari.

Gaur egungo nire obren sustraiak arte urbanoan daude. Boa Mistura taldearen sortzaileetako bat izan nintzen; garai hartan mural handiak egiten genituen, eraldatzaileak, parte hartzaileak... 2015ean, ordea, utzi egin behar izan nuen, Boa Misturaren bidaiak ez zirelako bateragarriak nire bizitza pertsonalarekin. Orduan, nire bakarkako bidea hasi nuen, asmo oso garbiarekin: paisaiaren eta gizartearen jarreraren arteko harremana lantzea. Horrela definitzen dut nire obra. Apurka-apurka, diskurtso bat sortuz noa proiektu desberdinekin; proiektu bakoitza geruza bat da. Batzuetan superpopulazioaz hitz egiten dut, beste batzuetan lurrarekiko posesio sentimenduaz, nekazaritza industriala sortzen ari den basamortuez... Landu nahi dut nola lurrarekiko dugun posesio sentimendu horrek eramaten gaituen muga batzuk sortzera, eta batzuetan, nola muga horiek horma bihurtzen diren, nahiz eta artifizialak izan. Proiektu bakoitza geruza bat da, eta urteen bidez diskurtso bat nahi dut osatu, lurrarekin daukagun harremanaz hausnartuko duena.

«Moldeetatik eta etiketetatik urruntzen ahalegintzen naiz»

Nola adierazten dituzu hausnarketa horiek?
Proiektu kontzeptualak gustatzen zaizkit. Guztiak ideia batetik jaiotzen dira eta gero lengoaia jakin baten bidez adierazten ditut. Argazkilaritzarekin, pinturarekin, objetuekin... asko zaintzen dut obren zati hori, plastikoki indar handia izatea bilatzen baitut.

Nire oinarria pinturan badago ere, apurka-apurka argazkilaritza, ikus-entzunezkoa eta paisaia-ekintzak ere landu ditut. Horietan aritu naiz gehien. Hala ere, ahalegintzen naiz etiketarik ez jartzen nire lanei. Batzuetan proiektuek zer izan behar duten pentsatzen dut, eta amaitzean jartzen diot etiketaren bat, jendeak uler dezan zertaz ari naizen. Orokorrean, ordea, moldeetatik urruntzen ahalegintzen naiz.

«Beldurrak eraginda, batzuetan horma bihurtzen dira muga artifizialak»

Burocracias proiektua gauzatu ahal izateko eman dizute beka. Zer da egitera zoazena?
Proiektu handiago baten adar moduko bat da: Stupid Borders (muga inozoak) izeneko proiektu batena. Muga oso inozo batzuk irudikatzen ditut, eta nire helburua da ikusleek hausnartzea muga horien inguruan. Azken finean, mugak gizakiak sortutakoak dira, mapa batean marraztuta daudenak. Batzuetan administratiboak dira, eta besteetan, gure beldurrek eraginda, horma bihurtzen dira; hain zuzen ere, ezberdina izango denari edo marraren beste aldean jaio denari diogun beldurrak eraginda. Burocracias proiektuan, zehazki, paisaia-ekintza moduko batzuk egiten ditut, jendearen laguntzaz. Muga bat igarotzeko itxaroten ari den jende ilara luze bat sortzen dut, eta muga hori oso inozoa izan ohi da. Batzuetan lurrean jarritako xaflak, besteetan marra sinple batzuk... Ezerezaren erdian dago jende hori, eta ikusleak ebidentziaz ikus dezake hor dagoen edozeinek erraz igaro dezakeela pareko marra hori. Badirudi, ordea, ilaran daudela norbaiten baimenaren zain.

Halako gauzak egiterakoan, normalean, dokumental labur edo liburuxkaren batean oinarritzen naiz. Gaurko aurkezpenera eramango dut honen ardatza izan den liburuxka, material osagarri modura. Hala, ikusleak hobeto ulertzeko aukera edukiko du obraren atzean dagoen diskurtsoa.

«Ez diot ikusleari iritzi bat sorrarazi nahi; galdera batzuk helarazi nahi ditut»

Zein da helarazi nahi duzun mezua?
Niri gustatuko litzaidake jendeak hausnartzea hainbat gauzaren inguruan. Nazio kontzeptua, esaterako, ez da existitzen objetiboki, gure imajinario kolektiboan soilik dago eta kontzeptu abstraktu bat da. Batzuetan boteredunek gure imajinario kolektibo hori manipulatzen dute, eta horrek eraman gaitzake uniforme bat jarri eta pareko ezezagunari tiro egitera. Hori oso biolentoa da. Hortik doaz bultzatu nahi ditudan hausnarketak. Nik ez diot ikusleari iritzi bat sorrarazi nahi, baina galderak egin ditzan nahi dut, kontu hauen sustraietara iristeko. Zein puntutara arte dauka zentzua, aberria bezalako kontzeptu abstraktu batengatik hiltzeak? Galdera oso gogorrak dira, baina jendeak bere buruari egiten badizkio, manipulazioak zailagoak izango lirateke, eta botereak ezingo gintuzke norabide bakarrerantz mugitu.

Garbi nahi dut utzi ez dudala jendearen iritzia aldatu nahi. Irekia izatea dut helburu, marraren beste aldean dagoenarekiko. Entzutea, hitz egitea, beste kontzeptu eta ideia batzuetara zabalik egotea. Azkenean, gure jarrera oinarrituta dago eraikuntza mentaletan, eta horietako asko inposaturik iritsi zaizkigu. Horietatik askatu behar dugula uste dut, gure pentsatzeko modua baldintzatzen dutelako.