Uztailaren 4tik 7ra bitartean izango da aurtengo Kalerki jaialdia

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 6a, 11:30

Ostiral honetatik aurrera ez da antzerki emanaldirik izango Modelo aretoan, irailera arte. Aurten, uztailaren 4tik 7ra egingo dute Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia.

Otsailean ireki zituzten berriz Modelo aretoko ateak, eraberritze lanak amaituta. Ordundik, haurrei zein helduei zuzendutako antzerki emanaldiak izan dira bertan. Ostiral honetan, ekainak 7, Elisa y Marcela antzezlana eskainiko dute, 22:00etan.

Ostiraleko emanaldiarekin izango da denboraldi honetako azkena. Beraz, udan ez da antzezlanik izango Modelon, irailera arte. Zarauzko Kultura Sailak iragarri duenez, udazkenerako zenbait emanaldi antolatu dituzte dagoeneko; hala nola, Jokoz kanpo, Erlauntza edota Sotottos antzezlanak, Basarri dantza emanaldia eta Laboa Jazz musika saioa. Haurrentzako eskaintza ere izango da; besteak beste, Cero en conducta edota Enaren kontua.

Kalerki, 26. urtez jarraian

Iaz izan zen Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren 25. urteurrena. Aurten, 26. urtez jarraian, uztailean egingo dute antzerki topaketa; hain zuzen, uztailaren 4tik 7ra bitartean.