Liga hasteko dena prest du Zarautz Babyautok

Dorleta Agiriano Lai 2019ko eka. 8a, 13:30

Hurrengo asteburuan hasiko da KAE-1 traineru liga, Pasai Donibanen. Denboraldi honetan, Zarautz Babyauto 11 talderen aurka arituko da nor baino nor. Gaur aurkeztu dute datozen estropadak jokatzeko osatu duten taldea.

Ate joka dago uda, eta udarekin batera, traineru ligak. Hemezortzigarren urtez jarraian, uretan izango da Zarauzko senior gizonen ontzia. 2011. urtean sartu zen KAE ligako lehian, eta aurten ere bertan parte hartuko du Zarautz Babyauto taldeak. 11 talderen aurka arituko da nor baino nor; KAE-1 ligan, hain zuzen. Hurrengo asteburuan hasiko da denboraldia, Pasai Donibanen, III. Femegu Bandera eskuratzea ipar.

ZAEkoak bateletan zein traineriletan ere aritu dira aurten, eta guztira, lau domina irabazi dituzte; zilarra batelen ligan eta txapelketan, eta brontzea trainerilen ligan eta txapelketan. Bihar Lekeition izango dira traineru estropadetan, eta Getariako, Arkoteko eta Deustuko ontziekin neurtuko dituzte indarrak.

17 geldialdi, 17 estropada

KAE-1 ligako taldeek ekainaren 15ean, larunbata, jokatuko dute denboraldiko lehen estropada. Ekainaren 16an ere izango dute jardunaldia, Pasai Donibanen beste behin. Hala, igandean III. Adegi Bandera lortzeko lehian murgilduko dira ligako 12 taldeak.

Aurtengo denboraldian 17 estropada izango dituzte guztira; hain zuzen, zazpi Gipuzkoan, bi Lapurdin, hiru Bizkaian eta bost Kantabrian. Abuztuaren 17rako Zarautzen jarri dute hitzordua; Zarauzko Ikurriña irabaztea izango dute helburu.

Denboraldi honetan Arkote, Camargo, Deusto, Donostiarra, Getaria, Hibaika, Lapurdi, SDR Pedreña, San Juan, IRC Santoña, Zumaia eta Zarautz Babyauto taldeak lehiatuko dira KAE-1 ligan. Zarautz Babyautok gaur aurkeztu du aurtengo estropadak jokatzeko osatu duen taldea. 19 arraunlari dira guztira, eta Garikoitz Uranga Iturraldek beteko ditu entrenatzaile lanak. Datozen estropaden inguruan galdetzean, taldea maila ona emateko gai dela azaldu du Urangak. "Baina itsasoak jarriko du bakoitza bere lekuan", gehitu du.

  • Aitor Jauregi Letamendia
  • Aitzol Garro Laskibar (patroia)
  • Alain Gurrutxaga Lertxundi
  • Anjel Mari Urzelai
  • Beñat Eizagirre Urbieta
  • Ekaitz Portularrume Iruretagoiena
  • Gaizka Garmendia Iturria (patroia)
  • Gorka Imaz Urretabizkaia
  • Gorka Zubeldia Rezabal
  • Igor Gurutxarri Arizaga
  • Imanol Eizagirre Etxeberria
  • Iñigo Galdos Alonso
  • Jon Jauregi Agirretxe
  • Joanes Elizondo Telleria
  • Josu Olabarria Agirre
  • Manex Otaegi Mendoza
  • Martin Rekondo Herrero
  • Oinatz Arretxe Urkia
  • Xabier Ormazabal Amondarain