Hondartza garbitzen aritu dira Zarauzko ikastetxeetako ikasleak

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 9a, 09:00
(Zarauzko Udala)

Agenda 21 proiektuaren barruan antolatu dute hondartza garbiketa. Helburua "gure hondartzak gainezka betetzen dituzten hondakinen arazoa" lantzea da, baita hondakinak gutxitzen laguntzea ere.

Aste honetan hondartza garbitzen aritu dira Zarauzko ikastetxeetako ikasleak. Agenda 21 proiektuaren barruan antolatu dute egitasmoa, Surfrider-ekin elkarlanean. Ingurumen sailetik azaldu dutenez, helburua "gure hondartzak gainezka betetzen dituzten hondakinen arazoa" lantzea da, baita hondakinak gutxitzen laguntzea ere.

Agenda 21 proiektuaren bidez, ikasleek hondakinen gaia landu dute aurten ikastetxeetan, bigarren urtez jarraian. Hala, ondorioztatu dute "lehentasunetako bat" sortzen ditugun hondakinak gutxitzea eta horretarako kanpainak abiatzea dela, batez ere plastikoen problematika landuz.

Hondartza garbitzeko txandak

Ostegunean Salbatore Mitxelena Ikastolako kideak murgildu ziren garbiketa lanetan, eta ostiralean, Orokieta Herri eskolakoak. Antoniano Ikastetxekoek eta Monte Albertiakoek datozen asteetan izango dute hitzordua.

Hondartzan dauden hondakinak bildu ostean, sailkatu eta zenbatu egiten dituzte ikasleek. Modu horretan, "gure hondartzara iristen diren hondakinen inguruko azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa" egitea da asmoa.

Orain arte egindako garbiketetan plastikozko txotx asko aurkitu dituztela nabarmendu dute, gozokienak zein belarriak garbitzeko makilatxoenak.