32. Kultur Astea antolatu dute Francisco de Zurbaran elkartekoek

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 10a, 10:50

Ekainaren 11tik 16ra era guztietako ekitaldiak antolatu ditu Hogarrak. Urtero bezala, zarauztar guztientzat egingo dituzte ekitaldi gehienak, eta jakinarazi dute irailerako ospakizun berezia prestatzen ari direla, elkarteak 40 urte beteko dituelako aurten.

Urtero bezala, extremadurarren Zarauzko elkarteak Kultur Astea antolatu du. Asteartean, ekainak 11, hasiko dituzte ekitaldiak Juanjo Alvarez abokatuaren hitzaldi batekin, eta ondoren, aste osoan zehar era guztietako ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute Francisco de Zurbaran elkarteko bazkideek, nahiz zarauztar guztiek. Amaierako ekitaldian liburu bat aurkeztuko dute, eta Extremadurako produktuekin osatutako hamaiketakoa eskainiko diete bazkideei. 

Jose Luis Cid elkarteko presidenteak azaldu duenez, Kultur Astearen helburua da elkartea herrira gerturatzea, eta herritarrentzat jorratzea kulturarekin eta gaurkotasunarekin lotuta dauden gaiak. Horregatik antolatu dituzte hasierako eta amaierako hitzaldiak. Alvarezek hizpide izango du "orain gutxi Gipuzkoan aldatu duten oinordetza legea". Gaurkotasun handiko gaia dela uste du Cidek, eta hainbat herritarrengan jakin-mina piztu duela gaineratu du, hainbat herritar gerturatu baitzaie hitzaldia irekia den galdezka.

Amaierako hitzaldia, berriz, kultur arlokoa izango da, jatorriz Extremadurakoa den Antonio Davila Gartziak El pastor y las estrellas liburua aurkeztuko baitu.

Bi saio horiez gain, bertaratzen direnek mus txapelketa, pintxo-potea, eta haurrentzako nahiz adinekoentzako ekitaldiak aurkituko dituzte. "Urtero antolatzen ditugu haurrei eta adinekoei zuzendutako ekintzak, eta adinekoentzako bingoa, esaterako, Kultur Asteko ekitaldi arrakastatsuenetakoa izaten da, 60-90 pertsona etortzen baitira parte hartzera".

Helburu nagusia elkartea herrira gerturatzea denez, kontuan izan dute pintxo-potea asteazkenerako prestatzea, "hartara gure elkartea pintxo-potearen ibilbidean geldialdi bat gehiago izango baita".

Aurten 40 urte

Ia sorreratik antolatzen du Hogarrak Kultur Astea. Izan ere, 1979an beren eskuekin eraiki zuten elkartea Extremaduratik Zarautzera lanera etorritako gizon-emakume batzuek, aurten 40 urte; eta Kultur Astea antolatuz, berriz, 32 urte daramatzate.

Aste honek beti izan du egitarau zabala, eta orain urte gutxi arte, egun osoko erromeria batekin amaitzen zuten egitasmoa. "Sekulako lana eskatzen zuen erromeriak, 400 lagunentzako bazkaria ere egiten zelako, eta azkenean bertan behera uztea erabaki genuen. Gainera, "gero eta osasun neurri gehiago bete behar ziren", azaldu du Cidek.

Erromeria ez, baina urteurrena ospatuko dute. Batetik, argazki erakusketa egin nahi dute, azpimarra jarrita elkartearen hasierako urteetan. "Bereziki aurreneko hamar urteetako argazkiak bildu nahi ditugu, horretan saiatzen ari gara". Bestetik, liburu bat osatu nahi dute elkartearen parte izandako bazkide guztien historialarekin. Irailerako ari dira hori guztia prestatzen. Izan ere, irailaren 8a izaten da elkartearen egun handia, bazkideen bazkaria egiten duten eguna, Extremadurako eguna baita. Aurten, egun hori aprobetxatuko dute urteurren ospakizuna eginez, eguna borobiltzeko.

 

Egitaraua

Kultur Astearen egitarau osoa honakoa da. Ekintza guztiak Francisco de Zurbaran elkartean (Zigordia kalea, 48) izango dira:

Ekainak 11, asteartea:

  • 19:00. Oinordetza eta ondorengotza legea Gipuzkoan hitzaldia, gaztelaniaz, Juanjo Alvarezen eskutik. Sarrera librea izango da.

Ekainak 12, asteazkena:

  • 19:00. Pintxo-potea Extremadurako produktuekin eta garagardo artisauen dastaketa. Hiru dastaketa, 6 euroan.

Ekainak 13, osteguna:

  • 18:00. Hirugarren adinekoentzat bingoa eta txokolatada. Sarrera librea.

Ekainak 14, ostirala:

  • 22:00. Mus Txapelketa, 20 euro bikoteko.

Ekainak 15, larunbata:

  • 18:00. Haurrentzat ikuskizuna eta magia, Aeiou taldearen eskutik. Sarrera librea izango da.

Ekainak 16, igandea:

  • 13:00. Aste Kulturalaren itxiera. El pastor y las estrellas liburuaren aurkezpena Antonio Davila Gartziaren eskutik, eta Extremadurako jakien dastaketa.