Zaintza esparruko langileei zuzendutako hitzaldia izango da ostegunean

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 10a, 15:36

Nagusiki hiru sektoreri zuzenduta egongo da hitzaldia: adineko egoitzetako langileei, etxeko laguntza zerbitzuei eta dependentzia duten pertsonen zaintzan aritzen direnei.

Informazio hitzaldia antolatu dute Zarauzko udalak eta Bidez Bide elkarteak elkarlanean, zaintza esparruan lan egiten duten pertsonei zuzenduta.

Zaintzaren lan esparrua profesionalizatu zuen Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluak eta Autonomiarako eta Menpekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak 2017ko abenduaren 31n onartutako akordioak. Exijentzia horrek hiru arlori eragiten die: adinekoen egoitzei, etxeko laguntza zerbitzuei eta dependentzia duten pertsonen zaintzan eta etxeko lanetan aritzen direnei. Udalaren esanetan, azken sektore hau da "ikusgarritasun gutxien" duena.

Antolatu duten hitzaldian hitz egingo dute Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak sortutako ezohiko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza prozesuen inguruan. Zehazki, gaikuntza horiek zer diren, zertarako balio duten eta zein baldintza eta dokumentu eskatzen dituzten azalduko dute.

Ostegun honetan, 18:00etan hasiko da hitzaldia, Etxezabala aretoan.