Haimar Zubeldiak ondu du Zarauzko Triatloiko bizikleta probako marka

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 11a, 12:30
(Haimar Zubeldia)

Haimar Zubeldiak aurten jokatu du Zarauzko Triatloia aurrenekoz. Bizikleta probako errekorra ondu du txirrindulari ohiak. Orain arte, Eneko Llanosen eskuetan zegoen marka.

Pasa den larunbatean, ekainak 8, jokatu zuten aurtengo Zarauzko Triatloia. 700 kirolari aritu ziren nor baino nor eta, tartean, baziren entzute handiko izen-abizenak. Haimar Zubeldiaren parte hartzeak ikusmin handia piztu zuen Zarautzen. Txirrindulari ohiak aurten egin du triatloia aurrenekoz, eta ez da nolanahiko debuta izan: bizikleta probako errekorra ondu du.

Orain arte, Eneko Llanos triatletaren eskuetan zegoen bizikleta probako marka: 2 ordu eta 8 minutu. Proba 2 ordu azpitik egitea zuen ipar Zubeldiak eta, helburua lortzetik gertu egon zen; 2 ordu eta 2 minutuan osatu zuen 81 kilometroko ibilbidea. Beraz, Llanosek baino 6 minutu gutxiago behar izan ditu Zubeldiak.

Sailkapen orokorrari dagokionez, 68. postua eskuratu zuen (04:38:45). Bere adin taldearen barruan, V1M taldean, hain zuzen, 17. sailkatu zen Zarauzko bizilaguna. Igeriketa probako 2,9 kilometroak 55 minutu eta 40 segundoan egin zituen, eta korrika probako maratoi erdia, ordubete eta 41 minutuan.

Zubeldiak 2017. urteko uztailean hartu zuen erretiroa txirrindularitza profesionalean. 20 urtez aritu zen txirrindulari modura eta, besteak beste, 16 aldiz hartu zuen parte Frantziako Tourrean, 12 aldiz Espainiako Itzulian eta behin Italiako Giroan.