Zarautzek irabazi du Ondarroako II. Neskatila Txapelketa

Nerea Bedialauneta Alkorta / Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2019ko eka. 11a, 17:40
Zarauzko kadete nesken taldea. (ZKE)

Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak antolatuta, kadete mailako Neskatila Txapelketa jokatu zen bigarrenez igande goizean Zaldupen. Txapelketan zortzi taldek parte hartu zuten, iaz baino bi gehiagok. Horietan guztietan onena Zarauzko taldea izan zen, finalean 3-0 irabazita Eibarko taldeari.

Bi multzotan banatuta jokatu zuten txapelketaren lehen zatia. A multzoan Eibar A, Zarautz, Amaikak Bat eta Bizkerre B aritu ziren. B multzoan, berriz, Aurrera, Zumaiako, Eibar B eta Bizkerre A. 20 minutuko partiduak jokatu zituzten, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdietarako txartela lortu zuten. A multzotik Eibarko bi taldeak igaro ziren hurrengo fasera, eta B multzotik, Zumaiako eta Zarautz.

Lehen finalerdian Eibarko bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten. Eibar A nagusitu zen, 2-0 aldeko markagailuarekin. Bigarren finalerdian, berriz, Zarautzek 2-0 irabazi zion Zumaiakori. Finala iazko bi taldeek jokatu zuten, eta Eibarri 3-0 irabazi ostean, Zarautzentzat izan zen aurtengo garaikurra. Hirugarren eta laugarren posturako lehian Zumaiakok 3-0 menderatu zuen Eibar B.