"Filosofia aldaketa bat egon da, eta horregatik ez dugu jarraituko Zarauzko hondartzan zerbitzua ematen"

Onintza Lete Arrieta 2019ko eka. 12a, 14:20
Felix Zubiak hamabi urtez kudeatu du Gurutze Gorriaren administrazioa uda sasoian (Onintza Lete Arrieta)

Gurutze Gorria arduratu da azken 40 urteetan uda sasoian Zarauzko hondartza eta bainulariak zaintzeaz. Ez dute gehiago egingo, ordea. Felix Zubia Gurutze Gorriko kidearen esanetan, "ez dauka zentzurik boluntario talde batek kudeatzea 38 langileko enpresa bat".

Aurten Gurutze Gorria ez da aurkeztu udan Zarauzko eta Orioko hondartzak kudeatzeko lehiaketara. Erabakia ez da bat-batekoa izan, aurreko udan hartu baitzuten. Orain, zergatiak azaldu nahi izan ditu elkarteak. Hango kidea da Felix Zubia, eta gaur prentsaurrean argibideak eman ditu talde osoaren izenean, "kideak lanean" zeudelako.

Zubiak hamabi urtez kudeatu du administrazio alor guztia, eta azaldu du hondartza zerbitzuak bi helburu izan dituela Gurutze Gorriarentzat: "Hondartza eta inguru ahalik eta seguruena lortzea batetik, eta bestetik, bailarako gazteei eta ikasleei udarako lan duin bat lortzea, baldintza onetan". Iazko udan, ordea, "filosofia hori aldatu egin zen" elkartearen ustez. "Sorosleek adierazi ziguten profesionalak zirela eta lan baldintza hobeak behar zituztela, lan kategoria berriak behar zituztela, eta lan hitzarmen berria behar zutela. Guri zilegi iruditzen zaigu eskatzea, horren kontra ezer ez daukagu, baina bai horrek filosofia erabat aldatzen digula", zehaztu du.

Sorosleen eskaeren aurrean, lan hitzarmen berri bat egin zen eta Gipuzkoako udalek onartu egin zuten, "lan kategoria berriekin, soldata berriekin, eta finko ez jarrai bihurtzeko aukerarekin". Hala, "Zarauzko Gurutze Gorrian aurkitu ginen 38 langile finko ez-jarrairen nagusi izanez, eta ez dakit herrian zenbat enpresek izango dituzten 38 langile. Bat-batean enpresa bihurtu ginen. Nolabait, gure filosofiaren bukaera ekartzen zuen horrek". Izan ere, galdera logikoa da: "Dirua baldin badago, eta profesionalak baldin badaude, zer egiten dugu boluntario batzuek profesional talde bat kudeatzen eta enpresa bat aurrera eramaten? Horretarako enpresak daude". Horregatik erabaki zuten ez aurkeztea aurtengo uda denboraldira. Eta azpimarratu nahi izan du ez daudela sorosleen eta udalen erabakiaren aurka.

Gurutze Gorriaren filosofian ere sakondu du Zubiak. "Guk inoiz ez dugu lan honengatik jaso, ez pertsonalki, ez erakunde bezala. Gure irabazi bakarrak izan dira bertako anbulantzia urte osoan herriko zerbitzuentzat erabiltzea eta diruaren %3a kanpo laguntzara bideratzea–lurrikara, maremoto eta halakoentzat, eta aurten, gainera, Gipuzkoan bertan gelditu zen, etorkin asko izan zirelako Donostian eta Irunen–. Ikusirik dirua badagoela, profesionalak badaudela, eta azpiegitura onartuta dagoela, eta filosofia aldaketa bat dakarrela, erabaki genuen guk ez jarraitzea".

38 langile horiekin zer gertatuko da?

Zarauzko hondartza zaintzeko urtean "milioi erditik gorako aurrekontua" dago, eta 38 langileko taldea, hitzarmen berrian jasotzen diren lan baldintzekin. Orain, horien eskuetan dago hondartzan sorosle lanetan jarraitu ala ez. "Langile horiek enpresa berrira subrogatuta-edo pasatzeko aukera dute, eta nahi badute, langile finko ez-jarraitu bihurtzeko aukera, urtero probak gaindituz gero. Langile bakoitzak erabakiko du enpresara pasatu nahi duen ala ez, baina aukera badute 38 horiek".

Beste hainbat esparrutan lanean

Zarauzko eta Orioko hondartzak aurrerantzean kudeatu ez arren, Zubiak argi du badagoela zeregina Gurutze Gorriarentzat: "Dirurik eta profesionalik gabeko lanak eta jarduerak eginez jarraituko dugu. Esaterako, oraintxe izan den Zarauzko Triatloian jarraituko dugu; herriko kirol eta kultur jardueretan ibiliko gara; lehen sorospen ikastaroak emango ditugu; itsas salbamendua egingo dugu Getariatik, eta beste hainbat gauzatan jarraituko dugu berdin-berdin".

Getariako hondartzan zerbitzua eskaintzen jarraituko dute, "batez ere ezindu fisikoei bainu egokitua emateko aukera dugulako eta hango itsasoa egokia delako horretarako, Zarautzen ez bezala".

Zentzu horretan, hirugarren adineko pertsonekin eta egoitzekin lan egin nahi dute, "jende asko eta asko dagoelako bainatuko litzatekeena, eta ez duena egiten". Horregatik, herritarrak animatu ditu Zubiak Getariako Gurutze Gorrira joan eta zerbitzua eskatu dezaten. Beharraren araberako zerbitzua ematen dute: pertsona batzuek aulki bereziak behar izaten dituzte bainatzeko, beste batzuei makulu bereziak uztea nahikoa izaten da, eta beste batzuek, berriz, bada ez bada norbait ondoan edukitzearekin nahikoa izaten dute.

Beste eremu batzuk ere hasiak dira lantzen. Esaterako, hitzarmen bat egin dute Balentziaga Museoarekin. Esparru gehiagotan ere ari dira lanketak egiten, "baina gauzak zehaztu arte ezin da ezer aurreratu", esan du, zuhur, Zubiak.

Eskertza zerrenda luzea

Zubiak prentsaurrekoa aprobetxatu du eskerrak emateko hainbat motatako eragileei: "Eskerrak eman nahi dizkiegu gure boluntario guztiei, jende asko egon delako hemen denbora eta ahalegina eskaintzen; bazkideei ere bai, jende asko dugulako diruz laguntzen gaituena eta guretzat bultzada hori oso-oso garrantzitsua delako; eta Zarauzko Udala ere eskertu nahi dugu, hasieratik babes osoa eman digulako eta orain ere nahi zutelako gu aurkeztea".

Sorosle izan diren pertsona guztiei eta herritarrei ere eman nahi izan dizkie eskerrak.