Gorritiren cromlechen inaugurazioan parte hartu dute Ikastolako 80 umek

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 13a, 11:11

Arriben izan ziren atzo Salbatore Mitxelenako LH3ko ikasleak, eta kantatuz eta poesia irakurriz hartu zuten parte Gorriti artistaren egurrezko eskulturen inaugurazio festan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere izan ziren festan.

Juan Gorriti artistak egurrezko eskulturak egin ditu bi cromlech irudikatuz, eta mendian jarri ditu, Arribe aldean. Atzo, ekainak 12, festa giroan eta umez inguratuta inauguratu zituzten. Guztira 200 ume inguru elkartu ziren, horietako 80 Salbatore Mitxelena Ikastolako LH3koak. Alegiko eta Beteluko ikasleekin batera hartu zuten parte zarauztarrek, kantatuz eta poesia irakurriz.

Josu Txapartegi Txapas-ek azaldu duenez, haurrek aukera izan zuten Gorritiren azalpenak entzuteko eta cromlechak eta horien inguruko datuak ezagutzeko.

Mendian gora ordubetez ibili ondoren iritsi ziren monumentu megalitikoei buruz artista nafarrak egindako eskulturetara. Festan parte hartu zuten, gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek.