"Erabakiak aske har ditzaten, herritarrak informatu nahi ditugu"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 19a, 09:30
Jose Mari Larramendi. (Amaia Urbieta Arruti)

"Hiritar informatuak" izateko asmoarekin, egunerokotasuneko gaiak lantzen ditu ZarautzOn elkarteak, oinarri zientifikotik abiatuta. Jose Mari Larramendi da elkarteko lehendakari berria.

Ez da nolanahikoa Jose Mari Larramendiren (Mutriku, 1944) ibilbidea. Soziologoa eta antropologoa ikasketaz, Jorge Oteizaren Debako eskolan ikasia da, eta Egin egunkariko lehen langilea izan zen. 50 urte darama Zarautzen bizitzen eta azken urteetan ZarautzOn elkartearen garapenean dihardu buru-belarri. Orain, lehendakaritzaren lekukoa hartu dio Juan Mari Iraolari.

Nola sortu zen ZarautzOn taldea?
Juan Mari Iraola bera izan zen lehen pausoak eman zituena. 2012ko udan hamar laguni deitu zigun elkarte gastronomiko batean bilera bat egiteko, Zarautzen egoera, eboluzio eta etorkizunari buruzko kezka batzuk mahai gainean jarri nahi zituelako. Hortik abiatu ginen.

Zeintzuk ziren kezka horiek?
Oso garbi ikusten genuena zen lanpostuen beherakada kezkagarria. Industria arloan, duela 40 urte 3.500 lanpostu zeuden, eta 350era jaitsi ziren. Zarautz ikuspuntu horretatik bidea galtzen ari zen, atzeratzen. Hori gazteentzat erronka eta eragozpen handi bat zela uste genuen, eta hortik hasi ginen lanean.

Sortze prozesua luzea izan zen, ezta?
Bai. Lehen kezka hori izan zen, lanpostuena. Gero turismoaren egoera, egitura eta norabidea landu genituen, eta horren barruan ikusten genuen surfa. Proposamen instituzional bat ere egin genuen surfaren teknologia bultzatzeko Zarautzen.

Horretaz guztiaz gain, elkartearen epe luzerako helburua zen zarauztarren ongizatea.  Horri lotuta, ikusten genuen hutsune bat, eta jorratzen nahi genuen hasi, hain zuzen, teknologia, teknika eta zientziaren hausnarketa eta dibulgazioa.

Zertan nabaritzen zenuten, zehazkiago, zientzia eta teknologiarekiko ezagutza falta?
Zarauzko hiritarren %10a federatua dago kirolen batean. Hori ziurrenik Espainia guztian ez da beste inon gertatzen. 2.000tik gora fitxa daude, eta hori iniziatiba sozialen ezaugarri bat da.

Musikaren inguruan ere Zarautzen aberastasun eta iniziatiba handi, eder eta zoragarriak daude, sortzaile oso ezagunak eta garrantzitsuak. Baina ikusten genuen hortik kanpo ez dagoela beste ezer, zientziaren inguruan. Ikusten dugu eskoletako currikulumak, gazteen etorkizuneko lanpostuak, teknologiari eta zientziari lotuak egongo direla, beraz, horri heldu genion, hor ikusten genuelako hutsunea.

Zergatik uste duzue dela horren garrantzitsua jendeak informazio gehiago izatea zientziaren inguruan?
Gaur irakurri dut aditu batek esan duela, ziurrenik, laster iritsiko garela sukalderik gabeko etxeetara. Zaharrak garenok badakigu duela 30 urte janaria prestatzen etxean bi ordutik gora pasatzen genuela. Gaur batazbestekoa ez da iristen 20 minutura, eta hori ahalbidetzen duena teknologia da. Suak guztiz aldatu dira, hozkailuak ere bai... teknologiaren eraginez hori aldatzen dijoa.

Familiako aurrekontuari dagokionez, duela 40 urte aurrekontu osoaren %30 elikaduran gastatzen zen. Gaur ehuneko hori erdira jaitsi da, eta komunikazioan gastatzen dena %9ra igo da: informazioa, musika, irudiak... Gure bizitza guztiz aldatzen ari da. Begiratu besterik ez dago gaur egungo autoak, arropak... Hori dena posible da teknologiari esker.

Nola antolatzen zarete elkartean?
74 zarauztar gara bazkideak, eta gaur arte lau lantaldetan egiten dugu lan. Bazkideen arteko harremanak lantzen dituzte batzuek, bijilantzia estrategikoa beste batzuek, hirugarrenek programazioa lantzen dute eta laugarren lantaldeak komunikazioa eramaten du, barrukoa eta kanpokoa.

Horri guztiari esker, 9.463 partehartzaile izan ditugu bost urte hauetan. Horietatik 2.000k streaming bidez hartu dute parte [streaming bidez ikus daitezke ZarautzOnen hitzaldiak]. ZarautzOnen asmoa, laburbilduz, elkarteen asmoak saretzea dela esaten dugu. Guk ezagutzen dugu ikerketa lanean zeintzuk ari diren, zein dabiltzan euskalgintzan lanean... Horiekin harremanetan jarri eta euren ondorioak ezagutaraztea da gure lana.

Beste zenbait elkarterekin elkarlanean zabiltzate, beraz.
Bai, betidanik. batez ere Beasaingo Leminskata taldearekin oso elkarlan polita izan dugu. Talde gehiagorekin ere nahi dugu jarri harremanetan lana borobiltzeko. Bergara, Ondarroa, Orio... herri desberdinetan lanean dihardutenekin nahiko genuke elkartu, programa bateratuak josi eta elkarren indarrak gehitzeko.

Zuek antolatutako hitzaldietan bete egiten da aretoa. Zerbait ondo egiten ari zareten seinale.
Arrakasta horrela bakarrik neurtuko balitz... oso erraza da jendea erakartzea, jendeak nahi duena jarri eta listo. Belen Esteban ekarriko bagenu areto guztiak beteko genituzke.

Guretzat, ordea, garrantzitsuagoa da 20 ikerlari zarauztar eta gazte mikrofono aurrera eramatea, zenbat jende joan den jakitea baino. Ikerlariek sakontzen dituzten gaiak batzuetan ez dira errazak. Esaterako, garraioaren optimizazioa, edo protesi neurologikoak. Gai horiek, horrela esanda, zailak dirudite, eta horri buruzko hitzaldi batera jendea erakartzea ez da erraza. Baina gai garrantzitsuak dira, zeren protesi neurologikoak gure garuneko kalteei soluzio posible bat bilatzeko modu bat dira. Horiek dira aurrerako bidean landu nahi ditugunak.

Gaurtik aurrerakoan zer izango duzue esku artean?
Udazkenean hasiko gara ordutegi-aldaketa lantzen. Gai ekonomikoa eta soziologikoa da, eta horren inguruko ikerketa teknikoak egin dituen jendea nahi dugu lortu. Ondoren, euskañola landuko dugu. Ikusiko dugu eskoletan gaztelera hizkuntza dominanteak zein eragin eta aldaketa eragiten dituen gure garuneko sareetan.

Horrez gain, halako asmo potolo bat ere badugu,epe luzera begirakoa. Nahi genukeena da zarauztarrek asmatutako berrikuntza teknologikoak identifikatu eta dokumentatzea. Batelgintzan, ehungintzan, metalurgian... galtzen ari diren alorretan, izan ere guk pentsatzen dugu memoriarik gabe ez dagoela nortasunik. Iruditzen zaigu honek oso fruitu politak emango dituela hurrengo urteetan.

Zein izango litzateke ZarautzOnen azken helburua?
Guk ez daukagu portaera, familia-eredua edo aisi-eredua antolatzeko proposamenik. Hori norberaren erronka da eta bakoitzak askatasunez erabaki beharrekoa. Baina iruditzen zaigu informazio falta handia dagoela hainbat alorretan, zenbait erabaki hartzerakoan. Gure helburua da hiritar bakoitzari informazioa ematea bere erabakiak kontzienteak, libreaketa bere gustukoak izan daitezen.