San Pelaio festak 2019

Erasoen aurkako protokoloa prestatu dute sanpelaioetarako

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 19a, 11:30

San Pelaio jaietan txosnagunea izango da Munoan, eta bertan ez dela "inolako erasorik onartuko" azaldu dute antolatzaileek. Hala, erasoen aurkako protokolo bat prestatu dute, 'Erasoek erantzuna Naspelayotan' izenpean.

Gero eta gutxiago falta da San Pelaio jaietarako. Danda Gazte Asanbladaren eskutik, aurten ere txosnagunea izango da Munoa plazan, hilaren 25ean, 26an eta 27an. Antolatzaileek adierazi dutenez, txosnagunean ez da "inolako eraso sexista, arrazista edota LGTBIQ+fobikorik onartuko". Hala, erasoen aurkako protokoloa prestatu dutela jakinarazi dute, Erasoek erantzuna Naspelayotan izenpean.

Abiapuntu modura, hala definitu dute "erasoa": "Baboseoa, ipurdia ukitzea, errespetu faltako jarrerak, espazioaren gehiegizko erabilera, jotzea, bortxatzea, eraso fisikoak eta abar".

Oharrak erasotzaileei eta lekukoei

Erasoen aurkako protokoloaren barruan, hainbat ohar zerrendatu dituzte. "Erasotzaileei" dagokienez, bi ideia nagusi helarazi dizkiete: "Ez badituzu errespetuzko harremanak maite, ez zara txosnagunera ongi etorria", batetik, "erasoren bat eginez, erantzun bat izango duzu", bestetik.

Txosnagunean egon daitezkeen erasoen lekukoei ere zuzendu dira antolatzaileak. Hala, erasoren bat ikusiz gero, txosnan horren berri emateko, Gune Morera bertaratzeko edota 688 618 980 telefono zenbakira deitzeko dei egin diete. "Arduradun bat egongo da telefonoaren beste aldean, zuri entzun eta protokoloa martxan jartzeko prest", esan dute: "Ez zaitugu inoiz epaituko, gogoratu ez dagoela garrantziarik gabeko erasorik".

Erasoei erantzuna

Txosnagunean erasoren bat gertatuko balitz, erantzuna izango dela iragarri dute, beraz: "Sare bat osatu dugu, erasoa jasan duena entzuteko, lasaitzeko eta babesteko". "Erasoaren berri izan bezain laster", protokoloa martxan jarriko dutela diote, baina ohartarazi dute ez dutela "inolako erabakirik hartuko erasotua izan den pertsonaren onarpenik gabe".

Bestalde, gogorarazi dute bortxaketen kasuan "garrantzitsua" dela erasotua izan den pertsona "ez garbitzea eta arropaz ez aldatzea", "anbulategira iritsi arte", behintzat.