Zarautz nazioarteko "bazterreko proposamenen" plaza bihurtuko da aurten ere

Dorleta Agiriano Lai 2019ko eka. 21a, 12:45
(Dorleta Agiriano Lai)

Uda honetan ere Adarretatik musika jaialdia izango da Zarautzen, uztailaren 19tik 21era. "Aniztasuna eta kultura erdigunean jarriko dituen plaza bat sortzea" da asmoa, "Zarauzko hainbat adarretatik" nazioarteko musika hedatzeko, "bereziki euskal kultura".

Oier Aranzabalek eta Mikel Unzurrunzaga Makalak iazko maiatzean eman zuten Adarretik ekimenaren berri. "Musikaren ertzak ukitu" asmoz, kultura eta "bereziki euskal kultura" erdigunean dituen musika jaialdia jarri zuten martxan. Hala, "bazterreko proposamenen plaza" bihurtu zen Zarautz iazko uztailean, eta aurten ere bere bidea egin du ekimenak, "Zarauzko hainbat adarretatik" nazioarteko musika, tartean, euskal musika, hedatu ahal izateko.

Iaz mahaira ateratako helburuak betetzat eman dituzte Enbor Akzio Kulturaleko kideek, eta hala, "ikasitakoak kontuan hartuta", indartsu heldu diote bigarren urte honi. "Sorreran zehaztutako helburu berdinekin jarraitzen dugu", azaldu du Aranzabalek: "Batetik, aniztasunaren aldeko apustua egingo dugu oraingoan ere, eta bestetik, udan Zarautzen kultura erdigunean jarriko duen plaza bat sortu nahi dugu berriz".

"Euskal kulturari zentralitatea aitortzea" dute ipar antolatzaileek, beti ere, "nazioarteko testuinguruaren baitan" kokatuz, Aranzabalen hitzetan. "Txikitasunaren aldeko apustua ere bada gurea, nahiz eta jaialdia oso handia dela uste dugun, sinesten dugu jaialdi batek bere txikitasunean izan behar duela handi, baita konplexua ere", dio Enborreko kideak.

Hala, "normalean erdigunean egoten ez diren proposamenak" itzaletik argira aterata, "musikaren herri" bihurtu nahi dute Zarautz. "Adarretik festak udako musika jaialdien agendan lekua izatea genuen helburu, eta ari gara lortzen, lanari eta elkarlanari esker".

Hiru adar, enbor bat

Aurreko urtean bezala, jaialdi ibiltaria izango da aurtengo Adarretik. Hiru gunetan izango dira kontzertuak: Frontoi Txikin, Berazako txiringitoan eta itsas pasealekuan, Borghetto inguruan. Makalak azaldu du jazz musikak pisu handia izango duela oraingoan; jazz doinuekin hasi eta bukatuko da jaialdia.

Uztailaren 19an, ostirala, txiringitoan izango da lehenengo emanaldia, No Land Trio-ren eskutik. Egun berdinean, Ruper Ordorikak hartuko du Frontoi Txikia, eta gaueko agertokia itsas pasealekua izango da: Sociedad Recreativa eta DJ Maga igoko dira oholtzara.

Uztailaren 20an, larunbata, Joseba Irazoki Eta Lagunak arituko dira Frontoi Txikin, eta itsas pasealekuan cumbia doinuak izango dira nagusi, Kumbia Boruka taldearen eskutik. Jarraian, Sr. Lobezno arduratuko da gaua girotzeaz; binilozko diskoekin aritzen da, "musika beltza" delakoa ardatz hartuta. Azkenik, uztailaren 21ean, igandea, Antonio Lizana saxojole eta abeslariaren txanda izango da. Itsas pasealekuan izango da kontzertua.

Hala, zortzi proposamenak "oso zainduak eta oso ondo pentsatuak" izan direla adierazi dute Enborreko kideek. Bestalde, sortutako plaza "duina eta kalitatezkoa" izatea ere bada asmoa: "Bi ezinbesteko premisa jarri dizkio Enborrek bere buruari. Batetik, musikaren duintasuna eta oinarrizko baldintza ekonomikoak errespetatzea, eta bestetik, musika proposamenen kalitatea eta aniztasuna bermatzea". Aurrekontua "xumea" izan dela diote, "baina halako jaialdi bat modu duinean antolatzeko modukoa".