San Pelaio festak 2019

Irudietan: Haurren Danborrada (II)

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 25a, 21:30

San Pelaio egunaren bezperako usadioari eutsiz, Haurren Danborrada izan da arratsaldean herriko kaleetan zehar. 41. aldiz antolatu dute aurtengoan, eta beste behin, horiz, gorriz, berdez eta urdinez jantzitako danbor eta barril jotzaileek hartu dute plaza.

Txarangak lagunduta ibili dira kalean zehar danborra jotzen, eta beraien aurretik, aintzinako ofizioetako arropekin jantzita joan dira hainbat haur: inudez, arotzez, baserritarrez, arrantzalez...

Goraino betetako Lege Zaharren enparantzara iristean, Etxe-Beltz bertso eskolako haurrek Felix Zubia zarauztarraren bertsoak abestu dituzte eszenatokitik. Ondoren, Zarauzko Musika Bandaren laguntzaz, danborradako abestiak jo dituzte guztiek, Uxue Goikoetxea Zuzendari Nagusiaren gidaritzapean.

Ekitaldia amaitzeko, Haur Kultur Taldeko antolatzaileen taldea eszenatokira igo eta elkarri sorbaldatik helduta, Pelaio Deunaren ereserkia abestu dute guztiek batera.

Hemen daude ikusgai danborradako argazki gehiago.