Jaume Ponsarnau eta Miguel Mendez saskibaloiko entrenatzaileek 'clinic'-a eskainiko dute

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 28a, 15:00

Punta-puntako saskibaloiko entrenatzaileak izango dira Zarautzen uztailaren 6an. Dagoeneko eman daiteke izena jardunaldietan, 'www.zast.eus' webgunean.

Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurrenaren egutegiak aurrera darrai, eta oraingoan, saskibaloia izango da protagonista. Jaume Ponsarnau eta Miguel Mendez punta-puntako entrenatzaileak Zarautzen izango dira uztailaren 6an, "luxuzko clinic-a" eskaintzen.

Ponsarnau Valentzia Basket taldearekin Eurokopako irabazle izana da, eta Endesa ligako finalerdiak jokatu ditu. Bigarrenak, aldiz, UMMC Ekaterinburg talde errusiarekin emakumezkoen Euroliga irabazi du bigarren urtez jarraian, baita Errusiako liga eta kopa ere. Jardunaldia 10:30ean hasiko da Aritzbatalden, Ponsarnauren erasoko eta defentsako blokeo zuzenaren inguruko hitzaldiarekin. Jarraian, 12:15ean, Miguel Mendez galiziarra entrenamenduetako denboraren optimizazioaz ariko da. Arratsaldean, 16:30ean, entrenatzaileen ibilbideen inguruko mahai inguru bat izango da Gipuzkoako hainbat entrenatzailerekin eta Jaume Ponsarnaurekin. Oraingoz, ez dute jakinarazi nortzuk izango diren gainontzeko hizlariak.

Jardunaldietan parte hartzeko izena eman beharko da aurretik. ZAST saskibaloi elkartearen webgunean. Egun osorako prezioa 10 eurokoa izango da.