'Toldotik at! Elkartasun Udara' antolatu dute uda honetarako

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 2a, 14:30

"Udarak uzten duen bakarra lana, parrandako desfasea eta herritik ihes egitea izan ez dadin", 'Toldotik at! Elkartasun Udara' prestatu dute Dandak eta Gerizak. Eztabaidarako, jarduera kulturaletarako eta "harremantzeko beste modu bat" bultzatzeko espazioak sortuko dituzte. Besteak beste, jantoki sozialak, zineforumak, eztabaidak edota irteera saioak izango dira.

Danda Gazte Asanbladak eta Gerizak egitarau zabala antolatu dute uda honetarako, Toldotik at! Elkartasun Udara izenpean. "Udarak guretzat uzten digun bakarra lana, parrandako desfasea eta herritik ihes egitea izan ez dadin" jarri dute martxan egitasmoa; hala, eztabaidarako, jarduera kulturaletarako eta "harremantzeko beste modu bat" bultzatzeko espazioak sortuko dituzte.

Azaldu dute "lana, hondartza eta parranda" ardatz dituen errealitateak "esplotazioa, kontsumoa eta desfasea" dituela ezkutuko oinarri. "Zurrunbilo" horretatik irteteko asmoz prestatu dute Elkartasun Udara. Momentuz, uztaileko egitaraua jakinarazi dute; besteak beste, jantoki sozialak, jarduera kulturalak, eztabaida saioak eta irteerak egingo dituzte.

"Elkarren arteko harremanak estutzeko eta elkartasunean sakontzeko espazio" modura abiatuko dituzte jantoki sozialak, "behar eta nahi duen ororentzat". Afalosteetan izango dira egitasmo kulturalak; esaterako, zineforumak, ikusizunak edota kontzertuak. Bestalde, eztabaida saioak izango dira astelehenero Putzuzulon, "proiektu berriak martxan jartzeko lagungarri" izango direlakoan. Elkartasuna edota zaintza izango dituzte hizpide saio horietan. Horretaz gain, irteerak iragarri dituzte Danda eta Gerizako kideek, "elkartasunean oinarritzen diren proiektuak ezagutzeko". Azpeitiko Esklabak eraikinean hainbat gaztek abiatu duten proiektua ezagutuko dute uztailean.

Abuztuan ere izango da hilabete osoko egitaraua.

Uztaileko egitaraua

Uztailak 3, asteazkena

  • 20:00. Jantoki soziala, Putzuzulon

Uztailak 8, astelehena

  • 18:30. Eztabaida: Elkartasuna I, Putzuzulon

Uztailak 10, asteazkena

  • 21:00. Jantoki soziala, Frontoi Txikin
  • 22:00. Zineforuma: Derlan, motor hotsak Zarautzen, Frontoi Txikin

Uztailak 11, osteguna

  • 15:00. Bizikleta konponketa tailerra, Putzuzulon

Uztailak 14, igandea

  • 12:00. Irteera, Azpeitiko Esklabak eraikinera

Uztailak 15, astelehena

  • 18:30. Eztabaida: Elkartasuna II, Putzuzulon

Uztailak 17, asteazkena

  • 21:00. Jantoki soziala, Putzuzulon
  • 22:00. Antzezlana: Lapurretak, Putzuzulon

Uztailak 22, astelehena

  • 18:30. Eztabaida: Zaintza I, Putzuzulon

Uztailak 24, asteazkena

  • 21:00. Jantoki soziala, Frontoi Txikin
  • 22:00. Zineforuma

Uztailak 29, astelehena

  • 18:30. Eztabaida: Zaintza II, Putzuzulon