Lesbos, bihotza ukitzeko gunea

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 2a, 18:46

Barrenak mugituta, baina aldi berean lanean jarraitzeko asmo irmoarekin itzuli da EgaƱa. (Onintza Lete Arrieta)

Grezian dauden 1.500 errefuxiaturentzat jana prestatzen aritu da maiatz erdialdetik ekain hasierara Begoña Egaña Zarauzko bizilaguna. Zaporeak taldearen lan ona azpimarratu du.

Lanak ez dio beldurrik ematen Begoña Egaña Arrietari (Zumaia, 1953). 150 kilo arroz, lenteja, makarroi edo dena delakoak prestatu behar direla? Bada, aurrera. Horixe egin du hiru astez egunero, Zaporeak elkarteko beste kide batzuekin. Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatuentzat prestatu ditu otorduak. Janaria hartu eta beraiei eskuetara ematea, ordea, oso gogorra egin zaio. "Sukaldean sartuta pasatzen genuen eguna, ez genuen ezer ikusten. Baina aurreneko aldiz beraien kanpalekura iritsi ginenean eta ilara haiek ikusi nituenean, adin guztietako emakumez eta haurrez beteta... Ez daukat hitzik zer sentitzen den deskribatzeko". Egañak bere burua irudikatzen zuen bestaldean, ilaran. "Ez gara konturatzen nolako zortea dugun jaio garen tokian jaio izanaz. Hemen errazegi kexatzen gara guztiaz, eta askotan hobe genuke isilik egongo bagina".
 
Egaña kasualitatez iritsi zen Lesbosera, maiatzean. Beti ibili izan da boluntario lanak egiten Antzuolan, bere bizitokian. Bai gaztetxoekin, bai adineko eta gaixoekin, eta baita Congoko zonalde bateko proiektu batean ere. Duela bospasei urtetik Zarautzen bizi dira senarra eta biak, eta hemen ezagutu zuen Hotz Zarautz elkarteko kide bat, eta haren bitartez izan zuen Zaporeak egiten ari den lanaren berri Lesbosen. "Zer egin behar dut hara joateko? galdetu nien. Zortea izan dut, aukera eman zidatelako segituan".

«Ilara haiek ikustean zer sentitzen den deskribatzeko ez daukat hitzik»


Zaporeak elkarteak egiten duen lana azpimarratu du Egañak. "Hemen jasotzen den janariari esker, egunero otordu on bat bermatzen zaie 1.500 errefuxiaturi. Denetik jaten dute, beti barazkiekin. Nik esan dezaket oso ondo jaten dutela, gutxienez egunean behin, Zaporeak taldeari esker". Barazkiak, fruta eta haragia han bertan erosten dira, eta gainerakoa hemendik bidaltzen dute.

Barrenak zeharo mugituta etxeratu da Egaña: "Azken egunean ezin izan nuen jana ematera joan, ez nintzen gai sentitzen". Gainera, Aita Mari salbamendu ontzikoekin egoteko aukera izan zuten han, eta asaldatuta dago agintariek ez dietelako utzi inori laguntzen.

Ordea, indartuta ere etorri da, hemendik lanean jarraitzearen garrantziaz jabetuta. Eta hasi da bere inguruan hariak mugitzen.