Bertsoa plazara ateratzeko astea

Amaia Urbieta Arruti 2019ko uzt. 9a, 19:00

Uztailean egutegian lekua egina du dagoeneko Bertso Asteak. Ostegunetik larunbatera bitartean, egarri guztiak asetzeko moduko bertso eskaintza izango da Motxian bertso-eskolaren eskutik.

Bertsozaleek izango dute zertaz gozatua datozen egunetan Zarautzen. Bertsotan hasiberriak direnak, arituak, adituak, parrandan kantari hasten direnak, entzutea soilik gustuko dutenak... Denak izango dira ongietorriak Motxian bertso-eskolak antolatutako Bertso Astean.

Berrikuntzaren bat izango den arren, orokorrean, urteroko egitura berdina mantendu dute egunez eguneko egitarauan. Ostegyn iluntzean, Bertso Asteko zita klasiko baten txanda izango da. Motxian bertso-eskolako kideek hainbat bertso sorta musikatu abestuko dituzte, Etxe-Beltz bertso-eskolako kideekin eta beste hainbat gonbidaturekin batera. Giro goxoa sortu ohi da Basarriren bustoaren inguruan eta asko dira urteroko hitzordura hutsik egiten ez duten zarauztarrak. Giro goxo hori bermatzeko, gainera, bertso eskolako kideek hala nahi duenarentzat patxarana eta kafea banatu ohi dituzte. Bestalde, saioa egoki jarraitu eta kantatu ahal izateko, ikusleen artean bertso sortak banatzen dituzte. Eguraldi txarra egingo balu, Merkatu plazara mugituko litzateke ekitaldia.

Sen zirikatzailea plazara

Ostiraleko ekitaldietara oriotarrak gonbidatu dituzte aurtengoan. Arratsaldean bertso-pilota saioa izango da Frontoi Txikin eta, iluntzean, bapateko bertso saioan kantatuko dute Orioko eta Zarauzko taldeak, nor baino nor. Orioko ordezkariak izango dira Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre eta Egoitz Eizagirre. Zarauzkoak, berriz, Nahikari Gabilondo, Julen Zulaika eta Iñigo Mantzizidor Mantxi.
Etxean jokatzeak abantailaren bat izan behar zuen, eta publikoaz gain, gai-jartzailea ere zarauztarra izango da: Aner Peritz.

Larunbatekoa izan ohi da, ordea, Motxian bertso-eskolarentzat egun kuttuna. Bertso Egunak jartzen dio ginda hiru eguneko asteari. Bertso-eskolako hainbat kidek goizean goiz hasten dute eguna hamaiketakoa prestatzen. Ondoren, trikiti doinuek lagunduta sabela betetzen dute inguratzen direnek, eta 11:00ak aldera, Txepelketa hasten da.

Nahi duen orok ematen du izena Txepelketan. Zozketa egin, eta buruz buru aritzen dira bertsotan partehartzaileak, jendez inguratuta. Arau idatzirik ez dagoen arren, Txepelketan ez dute axola potoek, hankaluzeek eta kontu teknikoek. Aurrekoa isilaraztea da helburua. Publikoaren botoek erabakitzen dute hurrengo txandara zein bertsolari igaroko diren eta, Txiki Politeko bazkariaren ostean jokatuko dituzte finalerdiak eta Final Handia.

Egitaraua

Etzi, osteguna

  • 22:00. Bertso musikatuen emanaldia Torre Luzean. Patxarana eta kafea banatuko dituzte antolatzaileek.

Uztailak 12, ostirala

  • 18:00. Bertso-Pelota Frontoi Txikin.
  • 22:30. Bertso desapiyua Torre Luzean. Zarauzko bertsolariak: Nahikari Gabilondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Julen Zulaika. Orioko bertsolariak: Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre eta Egoitz Eizagirre. Gai jartzaile lanetan, Aner Peritz.

Uztailak 13, larunbata, Bertso Eguna

  • 10:30. Hamaiketakoa Musika Plazan.
  • 12:00. Txepelketa, tabernaz taberna. Ondoren, bazkaria eta finala Txiki Polit tabernan.