'Los 40 Summer Live' jaialdia egingo dute Zarautzen, bigarrenez

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 10a, 11:15
(Los 40)

Uztailaren 30ean izango da 'Los 40 Summer Live' jaialdia Zarautzen, bigarren aldiz. 2017an ere bertan egin zuten geldialdia.

Aurten ere Los 40 Summer Live jaialdi itzulia antolatu du los 40 Principales enpresak. Hala, uztailaren 15ean hasita, Espainiako estatuko hamalau herritan egingo dituzte geldialdiak; tartean, Zarautzen. Duela bi urte ere bertan egin zuten udako itzuliko jaialdietako bat, eta iaz, Orio hautatu zuten helmuga modura. Aurten, aldiz, Zarautzera bertaratuko dira berriz.

Uztailaren 30ean izango da Zarauzko hitzordua, eta 20:30ean hasiko dira kontzertuak, itsas pasealekuan. Los 40 Summer Livek EAEn egingo duen geraldi bakarra izango da. Besteak beste, Lola Indigo, Alfred Garcia, Don Patricio y Sinsinati edota Beret igoko dira itsas pasealekuko oholtza gainera.

Ciudad Realen hasiko dute itzulia, eta gero, Badajozetik, San Fernandotik (Cadiz), La Mangatik, Valentziatik, Mallorcatik, Castelldefelsetik, Torrelavegatik edota A Coruñatik igaroko dira, besteak beste.