Nikolas Illarramendik irabazi du Getariako I. San Anton Bira itsas zeharkaldia

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 15a, 10:30
Uretatik atera eta korrika-saioan gailendu da Illarramendi / Urola Kostako Hitza

Ibilbidea aldatu behar izan dute antolatzaileek itsaso nahasiak eraginda. Horregatik, Malkorbe hondartzan hasi eta bertan helmugaratu dira. Datorren astean jokatuko da Getaria-Zarautz trabesia; iaz Ilarramendik irabazi zuen.

Nikolas Illarramendi 19 urteko bizilagun zarauztarra gailendu da lehen aldiz jokatu den San Anton Bira itsas zeharkaldian, Getarian. Lehia estua izan da amaieran, uretatik atera eta helmugarako korrika-saioan: 00:21:48 denborarekin irabazi du Illarramendik, baina jarraian izan dira Luis Goñi 00:21:52rekin eta Xabier Gordoa 00:21:55ekin. Emakumezkoetan, berriz, Ana Vegak lortu du lehen postua 00:23:45 denboran, bigarren izan da Nerea Santos 00:24:31 denborarekin eta hirugarren Usoa Ostolaza izan da 00:25:22ko denborarekin.

Hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi da itsas zeharkaldia. Izan ere, Gaztape hondartzatik Malkorberaino egin behar zuten 321 parte hartzaileek, baina itsaso nahasia medio, antolakuntzako kideak sorosleekin bildu dira; ondoren eman dute ibilbide berriaren berri: Malkorben hasi eta bukatu da proba.