Zarauzko sei bertsolari ariko dira irailaren 14an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Julene Frantzesena 2019ko uzt. 16a, 15:30
(GBE)

16 saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an bukatuko den Bertsolari Txapelketak. Guztira, 48 bertsolari ariko dira lehian, eta horietatik zortzi sailkatuko dira finalera. Zarauzko sei bertsolarik eskuratu dute txapelketarako txartela.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak badu hasiera data: irailak 14. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Asteasun (Gipuzkoa), hangoa zen Pello Errota bertsolaria hil zela ehun urte betetzen direlako aurten, eta hari zein Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrari keinu egin nahi izan diolako Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.

16 saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an bukatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Lehen saioa Oñatin izango da, eta finala Donostiako Ilunben, baina tartean Urola Kostan ere egingo ditu geldialdiak txapelketak. Izan ere, irailaren 22an, igandez, final-zortzirenetako saio bat jokatuko dute Zumaiako Aita Mari zineman; urriaren 27an, igandez, final laurdenetako bat Azpeitiko Soreasu antzokian; eta azaroaren 2an, larunbata, beste final laurden bat Azkoitiko Baztartxo antzokian.

Guztira, 48 bertsolari ariko dira lehian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta horietatik zortzi izango dira finalean. Lehian ariko diren bertsolarietatik 34k Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, eta horiei beste 14 bertsolari batuko zaizkie –duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatu zirelako lortu zuten txartela–. Zarauzko sei bertsolarik kantatuko dute txapelketaren aurtengo edizioan: Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Beñat Jauregi, Felix Zubia, Iñigo Mantzizidor eta Oier Aizpurua. Eskualdeko beste hainbat bertsolari ere ariko dira: Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Oier Etxeberria azpeitiarrak; Aitor Salegi zestoarra; Iñaki Gurrutxaga oriotarra; Jon Maia zumaiarra; eta Unai Izagirre azkoitiarra.

Gainera, hamabost gai-jartzaile, hamasei epaile eta lau idazkari eta laguntzaile ariko dira lanean txapelketan. Tartean badira eskualdekoak: Silvia Etxaniz azkoitiarra eta Oihana Aranguren azpeitiarra epaile lanetan ariko dira, eta Uxune Areizaga gaiak jartzen.

Sarrerak irailaren 2an

Saio guztietarako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezian eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, eta horiek, gainera, bonua ere eskuratu ahalko dute. Bonu horrek finalerako ez beste saio guztietarako balioko du.

Txapelketaren abestia Don Inorrez taldeak egin du, Pello Errotaren heriotzaren urtemuga abiapuntu hartuta. Irudia ere abiapuntu beretik sortu dute, gainera. Aurkezpenean Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, irudiarekin bertso mugimenduak eta bertsolarien sormenak erroten gisan funtzionatzen dutela irudikatu nahi izan dute: “Askotariko gaiak uztartuz, emari etengabearekin, aleak xehatzen, apurka-apurka, eta emaitza horrekin elikatuz”.

Txapelketaren gaineko informazio guztia www.bertsozale.eus webgunean eskura daiteke.