Biribilgunea egingo dute Meagako bidegurutzean

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 16a, 16:30

Hiru autobus geltoki eta oinezkoentzako bidegurutze bat eraikitzea ere aurreikusi du Diputatuen Kontseiluak. Bost hilabeteko epean amaituko dituzte lanak.

"Meagako bidegurutzean hainbat hobekuntza" egitea erabaki berri du Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Eider Mendoza foru bozeramailearen arabera, aurreneko pausoa izango da "lotura hori antolatuko duen biribilgune bat eraikitzea". Proiektuaren barruan, hiru autobus geltoki berri kokatzea ere aurreikusi dute, baita oinezkoentzako bidegurutze bat egitea ere, "argiztatua eta semaforoduna".

"Erabakiak eragina du GI-2633 errepidean, Meaga Gainean", adierazi du Mendozak: "Oso errepide garrantzitsua da. Izan ere, errepide hori hartzen dute kostako trafikoek, Zumaia eta Zarautz arteko kostako errepidea itsasoaren egoeragatik ixten denean".

Lanak bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusi du Aldundiak, eta 587.660 euroko inbertsioa egingo dute. 35 metroko kanpo diametroa izango du biribilguneak; baita "7 metroko galtzada, 20 metroko diametroa izango duen barne irla bat, eta 2,4 metroko diametroa izango duen koroa zapalgarria" ere.

"Desjabetze prozesua" abian

"Gaurko erabakiarekin abian jartzen da obra egin ahal izateko beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze prozesua", gaineratu du Mendozak. Hala, "izapide horiek burutzean" jarriko dituzte martxan lanak, bozeramailearen arabera. Obra legealdi honen barruan egingo dutela adierazi du.