Torreoiaren historia liburu koloretsu batean bildu dute

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 17a, 12:00

Torreoia Bizirik ekimenak 160 orriko lana osatu du Zarauzko hainbat norbanako eta eragileren parte hartzearekin, eta bihar eta etzi banatuko dute herritarren artean.

"Villapadierna markesak ehizarako cottage bat egin zuen Zarauzko herritik mendi aldera. Sekulako zalditegia, kristalezko negutegia, lorategi ederra, punta-puntako arboretum-a eta txokolatea eta boladu-urarekin gozatutako meriendak egiteko, inguru ederrekin begiak solastuz, begiratokia. Vista Alegre jarri zion izena. Begiratokiari torreoia deitzen diogu". Halaxe dio Torreoia, zaharberritze baten kronika liburuaren pasarte batek.

Auzolanean argitaratu berri dute, Jesus Mari Olaizola Txilikuren gidaritzapean, eta Zarauzko Udaleko Kultura Sailak finantzatuta. 1.000 ale kaleratu dituzte, eta batzuk jada banatu dituzte Torreoia dagoen Vista Alegre auzoan. Gainerakoak ostegun eta ostiral honetan jarriko dituzte herritarren eskura, borondatearen truke.

"Ondarea galtzen denean, haren memoriak galtzeko arrisku handia du", dio liburuko beste pasarte batek. Ondarea, eta ondarearen bitartez memoria bizirik mantentzea izan da Torreoia Bizirik herri ekimenaren helburuetako bat.

Amaiera onarekin

Erortzen ari zen eraikina biziberritzearen alde, hainbat ekitaldi egin dituzte azken urteetan, eta liburuaren proiektua ere hor kokatzen da. Orain, "etapa baten amaiera" ikusten du Txilikuk: izan ere, batetik udalak Torreoia eraberritzeko lanak hasiak ditu, eta inguruko parkea txukundu eta herritarrentzat erabilgarri jarri du. Bestetik, liburua ere kalean da. Hor bildu dituzte torreoiari eta Vista Alegre auzoari buruzko historia eta istorioak, hainbat garaitako argazkiak, marrazkiak eta zenbait testu.

Liburua amaitzeko, berriz, Udaberria izeneko testua osatu dute; urteetan egindako lana azpimarratuz, aurten torreoiaren azpiko bide eta parkeak hartu duen bizia goraipatuz, torreoiaren eraberritze lanak sortutako poza nabarmenduz, eta eskertuz auzotarren, udalaren eta eragileen lana. Hain zuzen, Txilikuk azaldu duenez, liburuaren beste helburu nagusia izan da "eskerrak ematea eremu horretan auzolanean aritu diren guztiei".

Banaketa egunak. Bihar, Lege Zaharraren Enparantzan, 18:00-20:00 artean. Etzi, ordu tarte berean, Musika Plazan.

Liburuaren datu nagusiak:

  • Orrialde kopurua: 160.
  • Testuak: Torreoia Bizirik ekimena eta J.M. Olaizola Txiliku.
  • Azala: Hodei Esteban.
  • Edukia: testuak, bertsoa, antzezlana, argazkiak, marrazkiak.
  • Argitaratzailea: Zarauzko Udala.