Ostiralean ere irteera egingo dute Iñurritza biotopora

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 17a, 15:30

Aurten ere Iñurritza biotopora irteerak antolatu ditu Zarauzko Agenda 21 sailak. Datorren ostiralean izango da udako hirugarren hitzordua; parte hartzaileak 17:30ean elkartuko dira Shelter Surf tabernan.

Zarauzko Udaleko Agenda 21 sailak duela bi urte jarri zituen martxan herriko ingurumen guneak ezagutarazteko irteerak; Iñurritza biotopora eta Zingira basora, hain zuzen. Aurten ere egingo dituzte irteerak; uztailaren 5ean eta 12an izan ziren uda honetako lehen bi hitzorduak, eta aste honetan izango da hurrengoa.

Hala, datorren ostiralean, hilak 19, Iñurritza biotopoa bisitatu ahalko dute herritarrek zein bisitariek. 17:30ean elkartuko dira Shelter Surf tabernan, eta bi ordu inguruko irteera izango da. Udalak jakinarazi du derrigorrezkoa dela aldez aurretik izena ematea; Turismo Bulegoan, malekoian dagoen turismoko kasetan edo telefono bidez zenbaki honetara deituta: 943 830 990.

Hilaren 26an, ostirala, Zingira basora izango da irteera. 17:30ean hasiko da.