Berrikuntzekin dator Itsas Zeharkaldia, 50. urteurrenaren atarian

Dorleta Agiriano Lai 2019ko uzt. 18a, 15:45
Jon Ander Azkue Caja Ruraleko ordezkaria, Leire Arana kirol zinegotzia eta IƱigo Ugarte Balea elkarteko kidea. (Dorleta Agiriano Lai)

Zarautz-Getaria probaz gain, Zarautz-Getaria-Zarautz zeharkaldia egingo dute aurten. 3.100 igerilarik hartuko dute parte 49. Itsas Zeharkaldian; tartean, 241 zarauztarrek.

Aurten ere, milaka pertsonak igerian lotuko dituzte Zarautz eta Getaria. Igandean jokatuko dute 49. Itsas Zeharkaldia, eta 50. urteurrenaren atarian, Zarautz Balea Kirol Elkarteko kideak urrez margotzen hasiak dira Zarautz eta Getaria arteko urak. Berrikuntzekin dator aurtengo edizioa; izan ere, ohiko Zarautz-Getaria probaz gain, Zarautz-Getaria-Zarautz zeharkaldia egingo dute, Espainiako Koparako puntuagarria izango dena. Haurrentzako bi proba ere barnebilduko ditu asteburuak.

Larunbatean hasiko da igeriketaren festa. 09:30ean hasita, probetan parte hartzeko dortsalak banatuko dituzte Munoan, 20:30ak arte. 18:00etan hasiko da aurreneko Zarautz-Getaria-Zarautz zeharkaldia, portuaren paretik. Iñigo Ugarte Baleako kideak azaldu duenez, igerilariek lerro zuzen bat osatuko dute Getariako kai muturreraino. Itzulera kostaldetik egingo dute, eta Zarauzko portuaren barruan izango da helmuga. 5.200 metroko ibilbidea osatuko dute 500 parte hartzaileek. Ugartek dio "50. edizioa gogoan" dutela dagoeneko, eta datorren urterako froga modura egingo dutela aurten ibilbide luzeko proba.

Igandean, aldiz, goizean goiz ureratuko dira itsasoan igerilariak. Gazteenen txanda izango da lehenengo; berrikuntza modura, 2007-2008 urte bitartean jaiotako eskualdeko haurrentzako proba herrikoia antolatu dute aurten. 10:00ean hasiko da, eta Zarauzko portutik hondartzaraino egingo dute igeri; 250 metro inguru, hain zuzen. Jarraian, 10:30ean, ohiko proba ofiziala egingo dute 2005-2006 urte bitartean jaiotakoek; 800 metroko ibilbidea izango da, eta Euskal Herriko hainbat herritan igeriketan aritzen diren 120 haurrek hartuko dute parte.

Izaera herrikoia

Haurrentzako proben ostean iritsiko da 3.000 igerilari baino gehiagok hainbeste itxaron duten unea. Getariako portutik hasiko da 49. Itsas Zeharkaldia, eta 11:30ean izango da lehenengo irteera. Ohi bezala, proba egiteko parte hartzaileek behar duten denboraren arabera, hainbat talde osatu dituzte antolatzaileek. Hala, elkarrekin irtengo dira multzo bereko igerilariak, kolore bereko txanoarekin. Marka onena dutenak izango dira lehenak ateratzen, eta txandaka, talde guztietako parte hartzaileak sartuko dira itsasoan, Zarauzko hondartzara iristea ipar.

Ugarteren arabera, aurten ere hazi egin da parte hartzea. 3.100 igerilarik eman dute izena, tartean, 241 zarauztarrek. Dena den, "azken unean izen-emateen %15-20 inguru bertan behera geratzen dira urtero", azaldu du Baleako kideak. Nabarmendu du elkarteko kideentzat "berebiziko garrantzia" duela Itsas Zeharkaldiaren "izaera herrikoia mantentzeak": "Kirolari ospetsuak bertaratuko dira zeharkaldian parte hartzera; esaterako, Pol Gil edota Marina Castro. Guretzat, baina, are esanguratsuagoak dira bestelako elementu batzuk. Esaterako, aurten ere parte hartzaile berriak daude, eta orokorrean, gora egin du parte hartzeak". Igandeko probak ez du mugarik igerilari kopuruari dagokionean, eta formatu horri eutsiko diotela iragarri du. Europa mailan igerilari gehien biltzen dituen laugarren proba da Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. "Aurten Zarautz-Getaria-Zarautz proban mugatu egin dugu izen-ematea, baina hurrengo urtean, ez da hala izango", gaineratu du Ugartek.

Bestalde, emakumezkoen parte hartzea ere hazi egin da. Larunbateko zeharkaldian 118 emakumek hartuko dute parte lehian; igandean, aldiz, 900 inguru izango dira.

Iaz Nikolas Illarramendi zarauztarrak (33:08) eta Amaia Iriarte burlatarrak (34:32) jantzi zuten txapela. Hala, Illarramendi eta June Zabala izan ziren lehen zarauztarrak.