Barruko piztiak piztuz

Joana Ibargarai - Berria 2019ko uzt. 19a, 14:30
(Aritz Mutiozabal)

Aritz Mutiozabal idazleak 'Piztiak' narrazio bilduma plazaratu du. Pertsonaien askotariko desorekek harilkatzen dituzte kontakizunak. Hona hemen Joana Ibargaraik 'Berria'-n egindako erreportajea.

"Nire narrazioetako pertsonaietan, edonork sendi lezake bere burua islatua". Hori dio Aritz Mutiozabal Zabala idazleak (Zarautz, Gipuzkoa, 1980) argitaratu duen azken liburuari buruz. Piztiak narrazio bilduma plazaratu du orain. Hirugarren aldiz, Maiatz argitaletxearen babesean ikusi du argia Mutiozabalen obra batek, jadanik Gorren dantzalekua (2013) eta Hutsartea (2016) poesia liburuak argitaratuak baitzituen "Luzien Etxezaharreta eta Baionako lagunekin".

Poesiaz gain, orain arte haur eta gazte literatura idazten ibilia zen; Bizikleta lapurtu didate! (2014) eta Aliren Baba (2017) ditu aurrez argitaratuak. Piztiak du, hortaz, helduei zuzenduriko lehen narrazio lana. Sei narrazio laburrez osaturiko bilduma da, eta desorekaren gaia da denen arteko hari gidaria. Hala, pertsonek duten segurtasun falta, paranoiak, erruduntasuna, eta, orokorrean, desorekari loturiko gaiak abiapuntutzat harturik, "pertsonaien barneko piztia horiek" azaleratzen ditu narrazioetan barrena. "Sei piztia dira sei narrazioetan galduta", zehaztu du liburuaren kontrazalean.

Irakurri erreportajea osorik Berria-n