‘Los 40 Summer Live’ festa, beste urte batez

Dorleta Agiriano Lai 2019ko uzt. 24a, 16:30

Datorren asteartean izango da ‘Los 40 Summer Live’ jaialdia Zarautzen, bigarren aldiz. Dama aurrean kokatuko dute "makro-kontzertuetarako" prestatutako oholtza.

Los 40 Summer Live jaialdiak duela bi urte egin zuen geraldia Zarautzen aurrenekoz. Los 40 Principales irrati-kate erraldoiak antolatutako kontzertu-itzuliak aurten ere egingo du bere bidea; Espainiako Estatuko hamaika txokotan barrena arituko dira zenbait musikari eta musika talde; tartean, Zarautzen. Hala, datorren asteartean, uztailak 30, Zarauzko itsas pasealekua hartuko du Los 40 Summer Live-k. 2017. urtean bezala, Zarauzko Damaren aurrean kokatuko dute "makro-kontzertuetarako" prestatutako oholtza.

Besteak beste, Beret, Pol Granch, Alvaro De Luna, Don Patricio edota Debajo Del Paraguas taularatuko dira asteartean, 20:30etik aurrera. Operacion Triunfo emankizuneko Lola Indigo eta Alfred Garcia ere ariko dira Zarautzen. Hiru edo lau kanta abestuko ditu bakoitzak, eta guztira, hiru ordu eta erdi inguruko emanaldia izango da. Ixidor Larrañaga Turismo eta Jaien zinegotziaren hitzetan, "gaur egun pil-pilean dauden artista ezagunak" igoko dira Dama aurreko oholtzara.

Oscar Tellez Cadena Ser irratiko Gipuzkoako zuzendariak adierazi du "talentua duten artisten alde" egiten dutela Los 40 Principales-en. "Made in Euskadi taldeak ere babesten ditugu, esaterako, bizkaitarrak dira Debajo Del Paraguas taldekoak. Musika euskaraz, gazteleraz edota ingelesez egiten duten taldeak aurkitu ditzakegu hemen, eta guri ez zaigu hizkuntza axola, abesti handiak baizik", dio Tellezek. Nabarmendu du herritarren "erabateko dibertsioa eta ihes egitea" direla jaialdiaren helburuak.

Los 40 Summer Live-k hamalau herritan egingo du geraldia. "Ekitaldiaren aldeko apustua egiten duten hiriburu handiak daude, eta Zarautzen ere badugu zortea", azaldu du. Larrañagak adierazi duenez, Zarauzko Udalak 8.500 euro (BEZ gabe) ordainduko ditu jaialdiari herrian plaza emateko. Hala, Los 40 Principales arduratuko da soinuaz, argiaz, eszenatokiaz eta festaren kudeaketa orokorraz. Asteartean jaialdian lanean arituko diren beharginak ere irrati-kateak hartu ditu lanerako, eta kontzertu-itzuliak barnebildutako emanaldi guztietan izango dira beharrean.

Bestalde, zinegotziak dio bestelako jaialdi, festa eta ekimenak prestatzen dituzten talde edo kolektiboei udalak ezartzen dizkien baldintza berdinak ezarriko zaizkiela Los 40 Summer Live-n antolatzaileei. "Udal-ordenantza batzuk daude, eta horiek bete behar ditu Zarautzen emanaldiren bat antolatu nahi duen edonork, udala barne", azaldu du.