Audioa: Telebistaren eragina

Uztailaren 25ean Lekeition estropada izan genuen, ETE eta TKE 1 ligako arraunlariok. Euskotren eta Euskolabel ligako estropadarik ez zenez egon, Eitbn zuzenean ikusgai izan zen estropada. Aurtengo denboraldian bigarren estropada izan da honakoa (bestea Pasaian izan zen) gure ligak telebistan ikusi ahal izan direnak. TKE 2 ligako arraunlariek ez dute zorte hori izan. Zortea diot, esan beharrik ez dagoelako zein indar duten hedabideek.

Guri esaterako, inoiz baino jende gehiagok zoriondu zigun Lekeition irabazitako banderarengatik. Kasualitatea ote? Ez dut uste. Telebistak ematen duen aukera denontzat da ona ezbairik gabe: arraunzaleek estropadak zuzenean jarraitu ditzakete, arraunlariok hurrengo egunean estropada ikusi dezakegu, babesleak ikusgai daude, … Abantaila asko topatzen dizkiot baina baita desabantailak ere. Adibidez, zer gertatzen da telebistan dagoen denbora apurraz? Beti esaten da hedabideetan denborak urrea balio duela eta egia da. Bestela honezkero, Euskotren ligan txanda bat baino gehiago egongo litzateke edo TKE 1 edo 2. Mailako ligen estropada gehiago botako zituzten. Badakit zaila dela, kirol guztietan pasatzen dela berdina eta ez dagoela gure esku baina alde batetik ez zait zilegi iruditzen maila bakoitzari ematen zaion trataera. 

Udaran arrauna protagonista da eta guretzat hori positiboa da baina ez gaitezen ahaztu udaran ikusten den lana urrian edo azaroan hasten dela eta hilabete hotz eta gogorrak igarotzen ditugula ondoren gozatu ahal izateko. Azken finean denok entrenatzen dugu eta denok merezi dugu gure lana erakusteko aukera.

Amaitzeko, ETE liga aipatu nahiko nuke. Oso lehia estua izaten ari gara, segundo gutxiren barruan traineru asko sartzen garelarik. Banderak eta ligako puntuak garesti daude. Larunbateko estropada eta gero, Hibaikak berreskuratu du lidertza eta puntu batera ipini gara. Beraz, lanean jarraituko dugu, egindakoaz harro eta datorrenaz are gehiago.

Hemen Aintzane Urbietak helarazitako audioa osorik entzungai.