Poliziaren jazarpena salatu duten gazteen artean, zarauztar bat

Zarauzko Hitza 2019ko uzt. 29a, 17:00
Kalez jantzitako polizien jazarpena salatzeko eginiko agerraldia. (gedar.eus)

Kalez jantzitako poliziek egindako jazarpenak salatu dituzte hiru gaztek asteburuan prentsaren aurrean egindako agerraldi batean. Haietako bat zarauztarra da eta, beraien hitzetan, "gazte militantzia beldurtzeko" eta "informazioa eskuratu eta artxibo errepresiboak osatzeko" helburua dute halako ekintzek.

Gazte eta ikasle mugimenduetako hogei kide inguruk salatu dute poliziaren jazarpen jarraitua jasan dutela azken hilabeteetan mugimenduetako hiru gaztek. Haietako bat, hain zuzen, zarauztarra da. "Kalez jantzitako poliziek hainbat alditan behartu nahi izan ninduten eurekin toki bakanduetara joatera", azaldu du gazte zarauztarrak. EHUren Leioako campusean ikasten du, eta bere hitzetan, "hori guztia amaitzeko bide bakarra eurekin kolaboratzea zela" esan zioten. Besteak beste, izenak emateko edo etorkizunean egin zitezkeen ekintzen berri emateko eskatu izan diotela jakinarazi zuen.

Donostiako eta Ordiziko bi gaztek ere jasandako jazarpenak salatu zituzten prentsaurreko berean, eta testigantzak ezagutaraztearekin batera, gazte mugimenduak ondorioztatu du "gazte militantzia beldurtzeko" eta "informazioa eskuratu eta artxibo errepresiboak osatzeko" helburua dutela halako ekintzek.  Egoeraren aurrean, beharrezkotzat jo dute gazteek gertakariak publikoki aditzera ematea eta Euskal Herriko agente politikoei zein norbanakoei dei egin diete pasarte "larri" horiei ahotsa eman diezaioten. "Zapalkuntza nazionalak eta klase arteko harremanak zeharkatzen dituen testuinguru honetan, militantziaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu. Dirudienez, oinarrizko askatasun politikoek ez dute lekurik gizarte politiko ez-ofizialean", azaldu dute.

Hainbat eragilek elkartasuna adierazi diete salaketa egin duten gazteei. Besteak beste, Ikasle Abertzaleek, AEM Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduak, SEPC Herrialde Katalanetako ikasle antolakundeak, Nor talde antiespezistak, Tolosako Gazte Asanbladak, Azpeitiko Krisiaren Seme-Alabak taldeak, Laudioko Gaztetxeak, Zumaiako Iparra taldeak, Gernikako Eztena proiektuak eta Bat Egin Goierriko autodefentsa taldeak.