Gizartearen arrakalak agerian jarri ditu Iñaki Olazabalen erakusketa berriak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko abu. 8a, 14:09
Irune Urbieta zinegotzia eta Iñaki Olazabal artista, erakusketa aurkezten Torre Luzean. (Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Urteak daramatza eskultore lanetan Iñaki Olazabalek. Jaiotzez andoaindarra den arren, urteak daramatza baita ere Zumaian bizitzen, bertan baitu gaur egun lanerako erabiltzen duen tailerra. Galeria bat ere badu bertan. Uda honetan Zarautzen izango dira ikusgai bere lanak: abuztuaren 8tik irailaren 15era bitartean, Torre Luzean.

Olazabalen hogei lan inguru erakutsiko ditu udan Zarauzko Torre Luzea eraikineko erakusketa guneak. Zinkez eraikitako obrak den-denak, baina egur zatiren bat edo beste ere badute tartean. Ezin hobe aprezia daitezke gris tonalitate ezberdinak eta, hala, erakusketak islatu eta irudika asmo duen gatazka sozialak mahaigaineratzen ditu Iñaki Olazabalek. Baina kolorea ere sartzen dio, dena ez dadin hain "tristea" izan.

Eskola zaharrekoa da andoaindarra, itzalaz eta espazioaz luzaroan hausnartutakoa Oteitza, Txilida eta Barrenetxearekin, besteak beste. Xabier Laka eskulturore ondarrutarrarekin hartueman ona izan zuen. Andoainera joan zen bizitzera Laka, eta tailer bat irekiko zuela kontatu zion Olazabali, eta tailer hurak Txilidaren eta Oteitzaren filosofia jarraituko zuela hitzeman zion; 1983a zen orduan. Bertan hasi zen lanean Olazabal, eta hor izan zuen bere lehen hartuemana, serioski, eskultura munduarekin.

Paris, inspirazio iturri

"Alemaniako eskulturgileen eskola batean izan nintzen denbora batez", dio Olazabalek. Garai haietan burdinarekin aritzen zen lanean, eta oroitzen du zer nolako arazoak ematen zizkion materialak garraiatzerako orduan. Alemaniara joatean, baina, Paris "tarteko hiri" izan eta bertatik pasa baino, Frantziako hiriburuan egun batzuetarako geratzeko joera izaten zuen. Bertako etxeen teilatuak zinkez egiten zituztela-eta, harriturik geratzen zen material hartaz. Handik gerturatu zen zinkera. "Kalean edukitzeko burdina baino aproposa izango zela pentsatu nuen, baita garraiatzeko ere", dio Olazabalek.

Zinkari heldu zion beraz Iñaki Olazabalek, burdina alde batera utzita. Hala, gainontzeko eskulturgileengandik "aldentzeko metodo bat" izan zen, bestela "beti" burdina, egurra eta harria erabiltzen zelako: "Nahiz eta sustraietan berdinak izan, azken finean beti ibiltzen dira formak, espazioak eta bolumenak, baina nik zinka erabiltzean, eraikitze horretan ezberdintzen gara". Itzalari berebiziko garrantzia ez ematen hasi zen horrela, izan ere, "ez dio axola itzala luzeegia izatea ala ez; norberak bere bidea bilatu behar du".

Gizartea irudikatzeko 'Arrakala'

"Etortzen denak ikusiko du ikusten duen bezala, norberak baitu bere ikuspuntua", azaldu du Olazabalek. Lan bakoitza azaltzerako orduan, azaldu du bera ez dela "gai" ikusten besteei azaltzeko zer den bat eta zer bestea, Olazabal berak ere bere ikuspuntua duelako. 

Erakusketaren erdian kokatuta dagoen eskultura da Arrakalak deiturikoa. Gai sozialetara bakarrik mugatzen ez dela azpimarratu du, baina "gustoko" duela halako bat edo beste sartzea erakusketaro. Hargatik, "gizarte gatazkatsu honetan", beti sortzen direla arrakalak dio: "Gatazka horien kasu ia gehienetan biolentzia dago tartean, eta beraz bi bandotan banatzen da gizartea. Horrek sortzen du zauria, baina ez alde bakarrean soilik, biei baizik, eta horren adibide da euskal gatazka."

Torre Luzean egongo da ikusgai Iñaki Olazabalen erakusketa, gaurtik hasi eta irailaren 15era bitartean.