Arrauna, asteburuko plater nagusi bezala

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 16a, 12:20

Asteburura heltzear da Zarauzko Aste Nagusia. Makina bat kontzertu eta ikuskizun eskainiko dira bai malekoian eta baita Musika plazan ere, baina zalantzarik gabe, inguruko herrietatik jende gehien erakarriko duena arraun estropadak izango dira.

Asteburu potentea datorkigu gainera Zarauzko bizilagunoi. Ostiralean bigarren eta azken aldiz su artifizialen ikuskizuna egongo da, eta ondoren, Los 5 Bilbainos eta La Unión taldeen kontzertua.

Arraun estropadak etorriko dira larunbatean. Goizean Zarauzko Enbata eta KAE1 Ligako traineruak lehiatuko dira, XI. Zarautz Arraun Elkartea Ikurrina egongo baita jokoan. Dagoeneko zazpi bandera irabazi eta 155 puntu poltsikoan izanda lider sendoa dira Gari Urangaren mutilak, baina herriko bandera, aldiz, behin baino ez dute irabazi (KAE2 mailan zirenean). Nekea baina nabarituko da, lau egunen buruan hiru estropada jokatuko baitituzte (ostegunean Castron, larunbatean Zarautzen eta igandean Pedreñan).

Euskotren eta Eusko Label ligakoen txanda izango da larunbat arratsaldean eta igande goizean. Orio da nagusi bai neska eta bai mutilen ligatan (neskak jada matematikoki garaile dira), eta Kontxako Bandera gero eta gertuago duten honetan, ikusteke dago zein estrategia hartzen duen talde bakoitzak.

Bestalde, kontzertuak ez dira faltako larunbatean eta igandean. Estropadek mugituko duten jende uholdearen artean buruhandiak eta erraldoiak arituko dira txarangaren laguntzaz, eta iluntze eta gauean, bestalde, kontzertuak egongo dira: larunbatean Michael Jackosenen omenezko Michael Legend, eta igandean Tres x Ahora, Trio Esaldi, Eraso! eta Hesian. Emanaldi hauekin amaitutzat emango da Aste Nagusia.

Hona hemen asteburuko egitaraua:

Abuztuak 16, ostirala (Ama Birjinaren eguna)

  • 19.00etan: Buruhandi eta erraldoiak txarangarekin.
  • 23.00etan, hondartzan: Su artifizialak.
  • Ondoren, Musika plazan: Ikuskizuna Los 5 Bilbainos taldearen eskutik.
  • Une berean, malekoian: La Unión taldearen kontzertua.

Abuztuak 17, larunbata.

  • 12.00etan: KAE1 Ligakoen estropada (XI. Zarautz Arraun Elkartea Ikurrina).
  • 17.00etan, Musika plazan: Estropadetako gune ludikoa.
  • 18.00etan: Euskotren Ligakoen estropada (Zarauzko XI. Ikurrina).
  • Jarraian: Eusko Label Ligakoen estropada (Zarauzko XLII. Ikurrina).
  • 19.00etan: Buruhandi eta erraldoiak txarangarekin.
  • 23.00etan, Daman: Michael Legend kontzertua, Michael Jacksonen omenez.

Abuztuak 18, igandea.

  • 11.00etan, Musika plazan: Estropadetako gune ludikoa.
  • 11.30ean: Euskotren Ligakoen estropada (Zarauzko XI. Ikurrina).
  • Jarraian: Eusko Label Ligakoen estropada (Zarauzko XLII. Ikurrina).
  • 19.00etan: Buruhandi eta erraldoiak txarangarekin.
  • 19.30ean, Musika plazan: Tres x Ahora taldearen musika-emanaldia.
  • 20.00etan, parrokian: Trio Esaldi taldearen kontzertua.
  • 21.00etan, Daman: Eraso! eta Hesian taldeen kontzertua.