KAE 1 ligako txapeldun da Enbata

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 19a, 10:55
(@zarautzarraun)

Atzo Pedreñako estropadan hirugarren postua eskuratuta, matematikoki txapeldun dira Enbatako arraunlariak, liga amaitzeko estropada baten faltan.

KAE 1 liga irabazi du Enbatak. Denboraldia borobil joan zaie Zarauzko arraunlariei, eta atzo Pedreñan hirugarren postua eskuratuta, matematikoki KAE 1 ligako txapeldun dira, oraindik amaitzeko estropada bat falta bada ere.

Donostiarra traineruak irabazi zuen Pedreñako Gran Premio Dynasol bandera, 20:20,74ko denborarekin. Getariarrak Enbataren aurretik iritsi ziren (20:25,33) eta zarauztarrak 20:30,22ko denborarekin sartu ziren atzoko podiumean. Atzo eskuratutako 10 puntuekin, guztira, 177 puntu bildu dituzte orain arte eta, hala, estropada baten faltan, ziurtaturik dute lidertza. Bigarren postuan da oraingoz Deusto 162 punturekin; bi taldeen arteko aldea 15 puntukoa izanik, ezinezkoa izango da deustuarrentzat datorren asteko estropadan Zarautzen puntuazioa hobetzea.

Begirada play off-ean

Bilbon jokatuko dute KAE 1 ligako azken estropada datorren asteburuan. Ondoren, Kontxan izango dute hurrengo hitzordua Enbatako mutilek, eta haren ostean, Bermeon eta Portugaleten jokatuko dituzte play off-ak, irailaren 14an eta 15ean. Asteburu horretan, datorren denboraldian TKE ligan jokatzeko txartela izango da jokoan. Aurtengo TKE ligako azkenaurreko taldea, Galiziako ligako lehen bi taldeak eta KAE 1 ligako lehen bi taldeak ariko dira lehian.