Iritzia: Esperientziak salgai

Felix Zubia 2019ko abu. 20a, 11:00

Turismoa nagusi bihurtu zaigun egunotan (gu geu ere turistak garela ahaztu gabe), ohikoa bihurtu zaigu esperientziak eskaintzea. Edo bestela esanda, esperientziak salgai.

Euskaraz “esperientzia Zarautz” jarri ezkero Google bilatzailean, 162.000 emaitza izango dituzu.  Gazteleraz “experiencia zarautz” jartzen bada berriz, 611.000 emaitza izango dituzu. Ingelesez bilaketa eginda azkenik, 259.000 emaitza. Hauek aztertuta, denetarik aurki liteke. Nagusienak noski, gastronomia eta surfa: “Experiencia txotx”, “eXperiencia gastronómica”, “poteo en los bares de Aia” (ez naiz adarra jotzen ari), “poteo en cuadrilla en Zarautz”, “experiencia basqueporks”… Eta bestelakoren bat iradokitzen badu ere izenburuak “el enigma del euskera”, atzetik txakolina eta atuna datoz. Surfekoak ere, aukera ugari, gure inguruan besterik ez balitz bezala. 

Eta pentsamendua sortu zait: esperientziak eskaini al litezke? Eta are gehiago, saldu al litezke? Azken finean, esperientzia norberak bizi duen zerbait delako, ez beste norbaitek ematen digun zerbait. Pozik gaudenean, dena zoragarri zaigu; eta gaizki gaudenean aldiz, edozer gauza eginda ere, dena nazka eragile. Ziurrenik, nahi dugun harekin edo haiekin gaudenean, ogitarteko bat janez, edo gosea pasatuz ere, izango ditugu oroitzapenik ederrenak. Eta denok izango ditugu gogoan oso momentu txarrak, inguruko baldintzak, materialak bereziki, hasieran egokiak izanda ere. Bakarkako esperientzia gozoak ere denok izan ditugu, inguruan ezer izan gabe. Inork dudarik bazuen beraz, adarra jotzen ari dira, eta zaizkigu. Gure bizipenak saldu nahi dizkigute. Edo are eta okerragoa dena, alaitasuna erosi nahi dugu, gure barrenean dagoela konturatu beharrean.