Euskal Dantza ikastaroan izena emateko aukera izango da irailaren 1etik aurrera

Zarauzko Hitza 2019ko abu. 21a, 12:59

Urtero bezala, Euskal Dantza ikastaroa antolatu du Zarauzko Udalak. Asmoa maila desberdonetako hiru talde sortzea da.

Aurtengo ikasturtean ere Euskal Dantza ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute helduek. Goizane Arregi dantzaria arduratuko da irakasteaz, eta asmoa da izena ematen dutenen artean hiru talde ezberdin sortzea. Lehen taldea hasiberriena izango da, eta dagoeneko Euskal Dantzetan arituak direnen artean bi maila bereiztuko dira.

Ikastaroa urrian hasi eta maiatzaren amaieran amaituko da. Astean ordu eta erdiko saio bat izango da, Imanol Urbieta musika eskolan dantzarako egokitutako aretoan edo kiroldegian. Kultura Sailetik jakinarazi dutenez, aurreko urtean ikastaroa egin zutenek eta jarraitzeko asmoa dutenek ere izena eman beharko dute, irailaren 1etik aurrera.

Informazio gehiagorako Kultura Sailean dago eskuragarri, kultura@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta.